EH Bilduk azalpenak eskatu ditu Orbea kiroldegiko dutxak itxita egotearen harira
Eibarko EH Bilduk prentsa ohar baten bidez azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari Orbea kiroldegiko dutxak itxita egotearen inguruan. Taldearen arabera, joan den asteko barixakutik dutxak guztiz zerbitzutik kanpo daude, eta egoera horrek eragozpen handiak sortu dizkie instalazioen erabiltzaileei.
EH Bilduren esanetan, arazoa bereziki larria da igerilekua eta spa erabiltzen dituztenentzat, kasu horietan dutxak erabiltzea derrigorrezkoa baita higiene- eta osasun-arrazoiengatik. Gaia udaleko Zerbitzu Batzordean ere jorratu zutela adierazi dute, eta bertan jakinarazi zietela arazoa konpontzeko lanean ari zirela.
Ondoren, kolalizio abertzaleak Eibarko SER irrati katean egindako eztabaida batean ere azaldu zuen kezka. EH Bilduren arabera, udal gobernuko bozeramaileak azaldu zuen dutxak ACS ur bero sanitarioaren sisteman egiten ari diren mantentze-lanengatik itxita daudela, eta “maila batzuk desitxuratu” zirela aipatu zuen. EH Bilduren arabera, zehaztasun gehiago eskatu zituzten, baina udal gobernuko bozeramaileak hezetasun mailen inguruko arazo bat zegoela adierazi zuen, zehaztasun handiagorik eman gabe.
Testuinguru horretan, udalak bere webgunean kirol instalazioetako modernizazio eta inbertsioei buruz argitaratutako oharra kritikatu du EH Bilduk, euren ustez arazoak estaltzeko erabiltzen ari delako. Taldearen arabera, jarduera horiek ez diote prebentziozko mantentzeari edo instalazioen funtzionamendu egokiari erantzuten; aitzitik, dagoeneko sortuta zeuden arazoak konpontzeko eta udal gobernuaren kudeaketa txarra estaltzeko balio dute neurri handi batean.
Horren aurrean, oposizioko taldeak informazio publikoa eskatu dio udal gobernuari hainbat gairen inguruan: dutxak ixtera eraman duen arazo zehatza zein den, erabakia oinarritzen duten txosten tekniko edo sanitarioak zeintzuk diren, eta ACS sisteman zer lan egiten ari diren zehaztea, baita dutxak berriro noiz irekiko diren aurreikusten den ere.
Azkenik, EH Bilduk adierazi du beharrezkoa dela egoera lehenbailehen argitzea eta Orbea kiroldegiko instalazioak “berme higieniko-sanitario guztiekin” erabiltzeko moduan egotea.