EH Bilduk Basalgo Parke Eolikoaren inguruko eztabaida publikoa eta gardentasuna eskatu dio Jaurlaritzari

EH Bilduk Basalgo Parke Eolikoaren inguruko eztabaida publikoa eta gardentasuna eskatu dio Jaurlaritzari
2025/10/29 12:10
eta kitto!

EH Bilduk Basalgo proiektuaren inguruko eztabaida publikoa, gardentasuna eta herritarren parte hartzea eskatu du. Alderdi subiranistak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Enegetiko eta Jasangarritasun Sailaren eskumeneko proiektua da Basalgo Parke Eolikoa, eta oraingoz ez dago behin betiko baimenik, ezta egikaritze-faserik ere. Bestalde, une honetan ireki da alegazioak aurkezteko epea.

Urriaren 17an, Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri zuen Basalgo Parke Eolikoa izeneko egitasmoaren aurretiazko administrazio-baimen eskaera eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta, baita proiektuarekin lotutako azpiegiturena ere. Arena Power Solar 10 SLU enpresak aurkeztu du proiektua. Eibar, Elgeta, Soraluze eta Bergarako lurrak hartuko lituzke. 

EH Bilduk nabarmendu du proiektu hau ez dela udalen erabaki-esparruan kokatzen, baina gobernatzen dituzten udaletatik, proiektua eta lanen eraginak kontuan hartuta, alegazioak aurkeztuko dituztela.

EH Bilduren ustez, energia-proiektuak ezin dira ikuspegi tekniko edo ekonomikotik bakarrik landu. Horregatik, proiektu hauek trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar dira, ikuspegi sozial eta iraunkor batetik. Horrela kokatzen da Debagoienan martxan jarri den Argitzen prozesua.

EH Bilduren irizpideen arabera, Basalgo proiektuak honako printzipio hauei erantzun beharko lieke:

  • Tokiko enpresa, erakunde eta komunitate energetikoek proiektuaren jabetzan parte hartzea.

  • Sortzen den energiaren gehiengoa lurraldeko enpresa, administrazio publiko edo komunitate energetikoen eskuetan uztea prezio justu batean.

  • Herritarren eta tokiko administrazioaren ekarpenak jasotzea azpiegituren kokapenean, balio handiko parajeak ekidituz (basoetako ekosistema baliotsuak, nekazal lur estrategikoak, beste balio bereziko eremuak).

  • Konpentsazio neurriak negoziatzea tokiko erakunde eta herritarrekin, biodibertsitatearen eta lur zaintzailetzaren aldeko ekintzak barne.

EH Bilduk nabarmendu duenez, proiektu hau oraingoz enpresa baten hasierako eskaera soila da, eta parkearen onarpenik ez dago oraindik. Gaur egun, prozedura administratiboaren lehen fasean gaude, eta oraindik ez da erabaki zehaztu proiektua aurrera eramango den ala ez.