Familia askok haurreskoletan plazarik gabe jarraitzen dutela salatu du EH Bilduk

Familia askok haurreskoletan plazarik gabe jarraitzen dutela salatu du EH Bilduk
2025/10/31 13:23
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk Udalari eskatu dio haurreskolen plazen arazoari irtenbidea “lehenbailehen” emateko. Koalizioaren esanetan, bigarren ikasturtez jarraian ari dira familia ugari herrian plaza gabe geratzen, eta, horren ondorioz, askok inguruko udalerrietako haurreskoletara edo senideen laguntzara jo behar izan dute.

Koalizioak gogorarazi duenez, Udalak irailaren 22an argitaratutako informazioan adierazi da abendutik aurrera Eibarren 0-2 urte bitarteko haurrentzat 41 plaza gehiago egongo direla. Haurreskolak kokatuko diren bi lokalak egokitzeko lanak urte amaieran amaitzea espero da, eta, ondoren, bi hilabeteko epea izango da izapide administratiboak eta matrikulazio-prozesua burutzeko.

EH Bilduren ustez, “konponbidea berandu iritsi da”. Alderdiak gogorarazi du jada 2024/2025 ikasturtean familia batzuek ezin izan zituztela seme-alabak Eibarren matrikulatu, eta egoera okerragoa dela aurtengo ikasturtean. “Urritik Eibarko haurreskolak %100ean daude okupatuta, eta hainbat familia plaza baten zain daude; bitartean, senideen zaintza antolatu behar izan dute edo lan-eszedentzia eskatu behar izaten dute”, salatu dute.

EH Bilduk, halaber, udal gobernuari egotzi dio ez duela “ardura bere gain hartu”, eta informazio falta egon dela. Koalizioaren arabera, udal gobernuak adierazi izan du ez dela plaza faltarik egon eta, aldi berean, gaia ez dela udalarena. EH Bilduk, ordea, kontrakoa defendatu du: udalak Haurreskolen Partzuergoari plazak handitzeko eskaera egin behar diola, udalerriko beharren arabera.

Hori dela eta, koalizioak gobernu taldeari eskatu dio Partzuergoarekin elkarlanean aritzeko, prozesu administratiboa azkartu eta familiek plaza horiek “lehenbailehen” eskuratu ahal izateko. Era berean, 41 plaza berriak nahikoak izango diren aztertzea proposatu du, “etorkizuneko eskaerak aurreikusteko”.

Amaitzeko, EH Bilduk eskatu dio Udalari gaia arduraz eta gardentasunez lantzeko, “argitaratzen den informazioak ez dezala gaizki-ulerturik sortu”. Koalizioak adierazi du kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten duela, eta haurreskolak “funtsezko zerbitzua” direla herritarren egunerokoan.