EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu ditu Eibarko Mugikortasun Jasangarriaren Planerako
Eibarko EH Bilduk hainbat ekarpen aurkeztu dizkio Eibarko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari (HMJP), dokumentua "anbizio handiagokoa eta eraginkorragoa" izan dadin. Koalizioak planaren planteamendu orokorra eta mugikortasun jasangarriaren aldeko ikuspegia positibotzat jo ditu, baina hainbat neurri gehitzea proposatu du, hiri "berdeago, irisgarriago eta pertsonengan oinarrituago" bat lortzeko.
Bizikletaren erabilera sustatzea da EH Bilduren proposamen nagusietako bat. Horretarako, bizikleta-bideen sarea hiri osora zabaltzea, udaleko bizikleta-mailegu zerbitzua sortzea, geltokien eta ekipamendu publikoen ondoan aparkaleku seguruak jartzea eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egitea planteatu du. Modu berean, mugikortasun jasangarrian genero-ikuspegia txertatuko duen plan espezifiko bat egitea ere eskatu du.
Garraio publikoari dagokionez, industrialde guztiak Udalbus sarearekin lotzea, geraleku guztietan markesinak jartzea eta auzorik urrunenetara Gautxori edo Taxibus zerbitzua hedatzea proposatu du. Horrez gain, udal flotaren elektrifikazioa osatzea, adingabeentzako garraio publikoa pixkanaka doakoa izatea eta langileentzako txartel berezi bat sortzea planteatu du. Gainera, koalizioak aurrerapauso positibotzat jo du planak autobus-geltokia lekuz aldatzeko aukera jasotzea.
Koalizio subiranistak, halaber, Debabarrenako Mankomunitatearen egoitza lekuz aldatzea proposatu du, hondakin-bilketako kamioiek Eibar zeharkatu behar izatea saihesteko. Koalizioa abertzalearen ustez, kamioien joan-etorriek trafikoa, zarata eta kutsadura areagotzen dituzte, eta kaleen bizi-kalitatea kaltetzen dute.
Aparkalekuei dagokienez, koalizioak uste du ez dela mendiko lurzorua okupatu behar plaza berriak sortzeko, eta alternatiba jasangarriagoak aztertzea proposatu du. Horien artean, El Corte Inglésen aparkalekua baliatzeko aukera aipatu du. Era berean, mugikortasun urriko pertsonentzako plazak handitzea eta haien txandaketa errazteko neurriak hartzea eskatu du. Bestalde, zalantzan jarri du Kiss & Go guneak zabaltzea, ibilgailu pribatuaren erabilera susta dezaketelakoan, eta Eskola Bideak egitasmoarekin aurrera egitearen alde agertu da.
Segurtasunaren eta espazio publikoaren arloan ere hainbat neurri proposatu ditu. Besteak beste, hiri osoan gehieneko abiadura 20 kilometro ordukoa ezartzea, salbuespen puntualak salbuespen, elkarbizitza-eremu gehiago sortzea eta terrazen ordenantzaren betetze-maila zorrotzago kontrolatzea eskatu du, oinezkoen irisgarritasuna lehenetsiz. Horrez gain, San Kristobal auzoan irisgarritasuna hobetzeko jarduketak egitea eta Mugikortasun Planaren jarraipen-talde bat eratzea proposatu du, teknikariek, ordezkari politikoek, gizarte-eragileek eta herritarrek osatua.
Azkenik, Eibarko EH Bilduk mugikortasunarekin lotutako eragileen parte-hartzea indartzea eta Murrategi auzoa planaren jarduketetan berariaz txertatzea eskatu du. Koalizioaren esanetan, etorkizuneko mugikortasunak pertsonak, irisgarritasun unibertsala eta klima-aldaketaren aurkako borroka izan behar ditu ardatz.