EH Bilduk salatu du gobernu taldeak ez dituela aintzat hartu 2026ko aurrekontuetarako egindako proposamenak
Eibarko EH Bilduk salatu duenez, 2026ko aurrekontuak negoziatzeko prozesuan gobernu taldeak (PSE-EE eta EAJ-PNV) ez ditu kontuan hartu oposizioko bigarren indarrak aurkeztutako proposamenak. Koalizioak azaldu du proposamenak garaiz helarazi zizkiola udal gobernuari, baina eztabaidarako tarte nahikorik ez dutela izan, eta, azkenik, gobernuak aurkeztutako zuzenketa guztiei ezetz erantzun diela.
EH Bilduk nabarmendu du eurek aurkeztutako proposamenak aurrekontu osoaren %2 (1,2 milioi euro) besterik ez liratekeela izango, eta gehitu du proposamen horiek onartuko balira prest zeudela gobernu taldeari babesa emateko.
Koalizioak gogorarazi du abenduaren 4an aurkeztu zituztela formalki euren proposamenak, eta bi aldiz eskatu zutela negoziatzeko epea —abenduaren 10ean amaitzen zena— luzatzeko. Eskaera hori, ordea, ez zen onartua izan.
Koalizio abertzaleak adierazi du abenduaren 5ean PSErekin egindako bileran sozialistek ez zituztela proposamenak irakurrita eraman, eta bigarren bilera bat eskatu zutela abenduaren 9rako. Egun horretan, PSEk adierazi zien ez zutela gaia gobernuko koalizioko kidearekin —EAJrekin— landu. Arratsaldean, ordea, EAJk jakinarazi zien ez zuela aukerarik ikusten akordiorako.
Azken bilera abenduaren 10ean izan zen, eta EH Bilduk azaldu du gobernuak ez ziela zuzenketa bakar bati ere oniritzirik eman.
EH Bilduren proposamenen funtsa: etxebizitza, zaintza eta kultura
Koalizioak ezagutarazitakoaren arabera, hauek ziren aurrekontua hobetzeko proposamen nagusiak:
- Etxebizitza publikoa handitzea: udal etxebizitza-parkea zabaltzeko bi etxebizitza erostea eta alokairu sozialera bideratzea (400.000 euro).
- Zaintza eta bakardadea: Eibarren bakarrik sentitzen diren pertsonen egoera ezagutzeko diagnostikoa egitea, “bakardadearen mapa” izenekoa (15.000 euro).
- Kalteberatasuna: kale egoeran dauden pertsonei ematen zaien laguntza handitzea (75.000 euro).
- Kultura:
- Sarrerak aurrez erostean Kutxabank bidezko gainkostua ezabatzea, Udalak erosieibarren.eus bidez kudeatuta (10.000 euro).
- Zine-bono mugagabea sortzea.
- Polikiroldegietarako 10 eguneko eta hileko bonuak sortzea.
- Helduentzat eta haurrentzat euskarazko kultur eskaintza handitzea.
Ondorioz, aurrekontuen aurka bozkatuko dute
Koalizioak jakinarazi du gobernu taldeak proposamen bakar bat ere onartu ez duenez, 2026ko aurrekontuen aurka bozkatuko dutela.
EH Bilduren esanetan, “gobernuak aurreko proposamen guztiak baztertu izanak erakusten du ez duela akordiorako borondaterik izan”, eta berretsi dute eurena dela “adostasunak bilatzeko prest dagoen jarrera, ongizate komunaren alde”.