EH Bilduk Eibarko Udalari leporatu dio Komedia Festen inguruko komunikazioan hizkuntza-irizpideak ez dituela bete
EH Bilduk Eibarko Udalari leporatu dio Komedia Festen inguruko komunikazioan hizkuntza-irizpideak ez dituela bete. Koalizioak gogorarazi du Udalak euskararen erabilera eta presentzia bermatzeko irizpideak dituela, eta horiek udalaren jardueran aplikatu behar direla.
Irizpide horien arabera, Udalaren argitalpenak, iragarkiak eta publizitatea euskaraz edo elebitan egin behar dira. Kultur programen eta ekitaldien inguruko informazioak, berriz, gutxienez euskaraz egon behar du. Udalaren sare sozialei dagokienez ere, euskaraz edo elebitan komunikatu behar direla diote irizpideek.
EH Bilduren arabera, ordea, Komedia Festen programazioa osorik gaztelaniaz dago, eta Udalaren kanaletan komedia ekitaldi zikloaren inguruan egindako komunikazioan eta sustapenean euskararen presentzia ez da nahikoa izan.
Koalizioak uste du egoera ez dela «gertakari isolatua», eta udal-jardueran antzeko egoerak behin eta berriz gertatzen ari direla salatu du. Horrenbestez, EH Bilduren esanetan, ez da soilik ekitaldietan erabiltzen den hizkuntza zaindu behar; Udalak antolatu edo finantzatzen dituen jarduerak nola iragarri eta komunikatzen diren ere kontuan hartu behar da.
Ildo horretan, EH Bilduk EAJri gogorarazi dio Euskara Sailaren ardura duela, eta euskararen sustapena ez dela sail horretara mugatu behar, udal-jarduera osora baizik.
Neurriak eskatu ditu
Horren aurrean, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio udal-jardueren publizitateak eta komunikazioak onartutako hizkuntza-irizpideak betetzen dituztela bermatzeko. Kultur programetan eta udal-jarduerei buruzko informazioan euskararen presentzia bermatzeko neurriak ere eskatu ditu.
Bestalde, kultur jardueren hizkuntza-plangintzarako barne-prozedurak berrikusteko eta irizpideen aurkako egoerak berriro gerta ez daitezen neurriak hartzeko eskatu du.
Azkenik, Udalak bere hizkuntza-irizpideak modu eraginkor eta sistematikoan nola aplikatuko dituen azaltzeko eskatu dio udal gobernuari.