EH Bilduk zabor-tasaren kudeaketa Eibarko Udalera itzultzea eskatzen du
Eibarko EH Bilduk PSEri eta PNVri dei egin die, Debabarreneko Mankomunitatearen barruan, zabor-tasaren kudeaketa Eibarko Udalera itzultzea bultzatzeko. “Horrela egiten dute eskualdeko gainontzeko herriek”, dio EH Bilduk.
Euren ustez PSEk mezu kontrajarria ematen du. “Batetik, egoera ekonomikoaren jakitun, udal tasak izoztuko dituela iragartzen du hamaikagarren aldiz. Bestetik, ordea, herritarrek ordaintzen dugun zabor tasa etengabe igo da azken urteotan”, beraien berbetan.
Gauzak horrela, eta “PNV ere horren aldekoa dela jakitun eta Debabarrenako Mankomunitatearen presidentzia beraren esku dagoela aprobetxatuta”, euren hitzetan, zabor tasaren kudeaketa Eibarko udalera itzultzea bultzatzeko eskatu diote PNVri.
EH Bilduk gogoratu du, “azken urteotan Eibarko udaleko tasek izozte bat izan duten bitartean, Mankomunitateak eibartarrok ordaintzen dugun zabor tasaren etengabeko igoera bultzatu duela. 2020an %3 igo zituen tasak, 2021ean %2, 2022an, %2,3… Deigarria da 2017ko ia %6ko igoera, dagoeneko erabiltzen ez diren txip sistemak ezartzeko emandakoa”, diotenez.