Ehun lagun baino gehiagok hartu zuen parte Eibar100 Trail Erronkan

Zortzi lagunek osatu zituzten erronkaren 100 kilometroak; horien artean, lehen aldiz, emakume batek
2026/05/18 18:15
Ekhi Belar Errasti

Ostiral iluntzean hasi eta larunbat arratsaldera arte, Eibar100 Trail Erronka egin zen gure inguruko mendietan zehar. Ehun lagun baino gehiagok hartu zuen parte eta partaideen laurdena emakumeak izan ziren, antolatzaileek diotenez. Gainera, partaideetako asko gazteak izan dira, trail batean izan duten lehen esperientzia biziz. “Esan dezakegu ekimen arrakastatsua izan dela”, euren berbetan, “eta parte-hartzaileak oso pozik azaldu dira ibilbidearekin eta antolaketarekin”.

Ehun kilometroko erronka sei etapatan banatu zuten antolatzaileek, etapa bakarra, bi, hiru edo nahi beste egiteko aukera emanez, eta zortzi lagunek ibilbide guztia osatzeko balentria egin zuten. “Horien artean, lehen aldiz, neska bat, benetan ere pozgarria”, antolatzaileen berbetan.

Erronka ez da nolanahikoa izaten  eta aurreko egunetan egindako euriak are zailagoa jarri zuen kontua. Horren adibide da aurreko edizioan baino lagun gutxiagok osatu zutela ibilbide osoa.

Erronka amaitzerakoan, oparien zozketa egin zen eta giro bikaina sortu zen Depor parean. “Esker mila babesleei eta 31 opariak eman zituzten Eibarko saltokiei euren eskuzabaltasunarengatik”, diote antolatzaileek.

Dagoeneko Eibar100 Erronkaren hirugarren edizioan pentsatzen hasi dira, “ilusioz eta motibazioz”, eta 2028. urterako jarri dute zita. Dena dela, aurtengoa gogoratzeko, erronkaren kamiseta Deporren jarri dute salgai, asteartetan eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara.