Ehundaka herritarrek zeharkatu zituzten Eibarko kaleak, Palestinarentzat bakea eskatzen
Ehundaka herritar irten ziren kalera atzo eguerdian, Palestina askatu. Ez nire izenean goiburuari jarraituta Untzagatik abiatuta egin zen manifestazioan. Eibar Palestinarekin eta Eibarko Gerrarik Ez taldeen antolatu zuten mobilizazioa, “Gazako genozidioa eta Palestina osoan zehar gertatzen ari diren eskubideen urraketak salatzeko”. Kaleak zeharkatu eta gero, Untzagan amaitu zen ekitaldia, eta bertan Marwa Osmanen olerkia eta manifestu bat irakurri zuten talde bietako ordezkariek. Gertatzen ari denaren salaketa egiteaz gain, Eibarko Udalaren gobernu taldearen jarrera ere kritikatu zuten, besteak beste hormairudi bat egiteko baimenik ez duelako eman eta, gainera, ez duelako laga maiatzeko plenoan mozio bat aurkezten.
Amaieran irakurri zuten manifestuan agerian laga zuten Palestinako herriaren urteetako sufrimendua: “Zazpi hamarkada eta erdi. Okupaziopean jaiotako hiru belaunaldi. 1948. urteaz geroztik Palestina odoletan dago. 77 urte gogoz kontrako desplazamendura behartuak. Mapatik ezabatutako herrixkak, ehundaka urtetako olibondo suntsituak, nortasun ukatuak, preso mantentzen dituzten harresiak. Palestinarren odolak ez du kotizatzen nazioarteko merkatuetan. 77 urte geroago, gatazka deitzen diogu okupazioari, defentsa sarraskiari, eta bakea errendizioari. Historiak konplizitatea, isiltasuna eta koldarkeria kolektiboa epaituko ditu, desagertzeari uko egiten dion herri baten oihuaren aurrean”.