Eibar Eskubaloiak eta Euskotrenek indarrak batu dituzte klubaren emakumezkoen saila indartzeko

Lankidetza-hitzarmenaren bidez, emakumezkoen proiektua bultzatu eta nesken eta gazteen artean eskubaloia sustatzeko ekimenak garatuko dituzte
Eibar Eskubaloiak eta Euskotrenek indarrak batu dituzte klubaren emakumezkoen saila indartzeko
2026/10/06 11:31
Ekhi Belar Errasti

Euskotrenek eta Eibar Eskubaloi Taldeak lankidetza-hitzarmena sinatu dute klubeko emakumezkoen atala indartzeko. Akordioa Eibarko tren-geltokian aurkeztu zuten atzo, eta taldearen kirol-egiturari laguntza ematea, Euskotren klubaren euskarri ofizialetan egotea eta inguruko neska eta gazteei eskubaloia hurbiltzeko ekimenak garatzea jasotzen du.

Aurkezpenean emakumezkoen lehen taldeko Naroa Mochales, Maitane Velasco, Nahia Benitez eta Lucia Gutierrez jokalariek hartu zuten parte, Liher Prieto Eibar Eskubaloi Taldeko zuzendaritza kidearekin eta Yon Andoni Perez Euskotreneko Antolakuntza, Operazio, Plangintza eta Sistema Korporatiboetako zuzendariarekin batera.

Hiru lan-ardatz

Hitzarmenak hiru lan-ardatz izango ditu. Alde batetik, emakumezkoen atalaren egiturari eta jarduerari lagunduko zaio, lehiaketetan eta ekitaldietan presentzia sendotzeko. Bestetik, Euskotren erakunde laguntzaile gisa agertuko da klubaren euskarri ofizialetan, ekitaldi instituzionaletan eta komunikazioan. Azkenik, nesken eta gazteen artean eskubaloia sustatzeko ekimenak garatuko dituzte, berdintasuna eta oinarrizko kirola bultzatzeko.

Liher Prietoren esanetan, akordioak “emakumezkoen proiektuaren egitura indartzen du” eta jokalarien egonkortasuna eta proiekzioa bultzatzeko lan-ildo bat ezartzen du. Yon Andoni Perezek, berriz, tokiko kirol-erakundeekiko lankidetza Euskotrenen erantzukizun korporatiboaren barruan kokatu du, bereziki berdintasunaren eta oinarrizko kirolaren esparruan.

Bi erakundeek nabarmendu dutenez, hitzarmenak lankidetza-esparru egonkorra ezartzen du, Eibarren eta Euskadi osoan emakumezkoen eskubaloia sendotzeko.