Eibar Eskubaloiko seniorretako taldeek sasoi betean jarraitzen dute

Emakumezko zein gizonezkoen taldeek garaipenak lortu zituzten eta goiko postuetan jarraitzen dute
Eibar Eskubaloiko seniorretako taldeek sasoi betean jarraitzen dute
2025/10/29 10:01
eta kitto!

Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar Eskubaloiak denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen asteburuan. Malkaitz izan zuen arerio Ipuruan eta 26-20 gailendu zitzaion, sailkapenaren laugarren postuan kokatuz.

Taldea oso kontzentratuta irten zen kantxara, aurrean mailaz igo berri den arerio kementsua zuela jabetuz. Hasieran talde biek lortu zituzten etsaiaren atea zulatzea, baina 20. minutuaren inguruan Eibarrek aldea zabaltzea lortu zuen, atsedenaldira 15-10 iritsiz.

Bigarren zatiaren hasieran, etxekoek aldea gehiago handitu zuten, zortzi goleko abantaila lortuz. Baloi galeren ondorioz Malkaitz markagailuan hurbildu zen, baina Eibarren garaipena ez zen inoiz arriskuan eta neurketa 26-20 amaitu zen.

 

Gizonak Iruñean garaile

Gizonezkoen Lehen Maila Nazionalean jokatzen duen Eibar Eskubaloiak, bere aldetik, Loyolari egin zion bisita eta, oso neurketa biziaren ondoren, garaipenarekin itzuli zen etxera.

Loyola bikain aritu zen lehen minutuetan eta markagailuan aurretik jarri ziren hasieran. Dena dela, Eibarrek nortasunez erantzun zuen eta, Oier Arriolaren eta Mikel Kortabarriaren golei esker, partidua orekatu zuen, atsedenaldira 14 golera berdinduta iritsi zirelarik.

Bigarren zatian, Eibar indartsu zelairatu zen eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuen. Loyola erantzuten saiatu zen eta markagailua estutu zuen azken minutuetan, baina eibartarrek heldutasunez kudeatu zuten abantaila eta partiduaren kontrola izan zuten azken unera arte.

Azkenean, 30-32 amaitu zen neurketa eta Eibarrek sailkapenaren goiko postuetan jarraitzea lortu zuen. Hain zuzen ere, 3. postuan daude orain, liderrarengandik bi puntura.