Eibar eta Ermua tentsio eremu izendatzeko aukera, gero eta hurbilago

Eibarren bi gunetarako egingo dute eskaera, eta Ermuak udalerri osoa hartuko du; bi udalak azken dokumentazioa prestatzen ari dira.
Eibar eta Ermua tentsio eremu izendatzeko aukera, gero eta hurbilago
2026/10/01 13:46
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibar eta Ermua tentsio eremu izendatzeko eskaerak prestatzen ari dira. Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde eta Eibarko alkate ohiak azaldu duenez, bi udalerriak azken dokumentazioa lantzen ari dira. Cadena Serrek Eibarren egindako elkarrizketan esan du Eibarren herriko bi gunetarako egingo dutela eskaera, eta Ermuak, berriz, udalerri osoa hartuko duela.

De los Toyosek Debabarreneko alkate guztiekin bildu dela esan du, eta nabarmendu du eskualdea «ez dela irla bat» etxebizitzari dagokionez. Eskaerak onartuz gero, Etxebizitza Dekretu berrian jasotako neurriak indarrean jartzeko aukera izango dute bi udalerriek.

Bittor Sarasketako etxebizitzak

Bittor Sarasketa kaleko epaitegi zaharretako 19 etxebizitzen obrak ere izan ditu hizpide De los Toyosek. Proiektuak geldialdi bat izan zuen, Eusko Jaurlaritzak obra egiten ari zen enpresarekin kontratua eten behar izan zuelako. Orain, obra-zuzendaritza lizitatu dute, eta lanak hilabete honetan berriz hastea espero dute. Bederatzi hilabete inguruko iraupena izango dute, eta, aldi berean, etxebizitzak esleitzeko prozesua ere egingo dute. De los Toyosen arabera, datorren urteko udarako etxebizitzak bizitzeko prest egon daitezke.

Udalak iragan azaroan azaldu zuenez, 19 etxebizitzetatik hiruk bi logela izango dituzte, 58 m²-koak, eta gainerakoek logela bakarra, 35 eta 39 m² arteko azalera izango dute. Guztiek sukaldea, bainugela, berogailua, terraza, garbigailu-lehorgailua eta esekitokirako gune txiki bat izango dituzte.

Eskualdeko bestelako neurriak

De los Toyosek gogorarazi du Gaztelagun programaren bidez 1.000 gazte baino gehiagok jaso dituztela alokairurako laguntzak Debabarrenean 2019tik, 300 euro artekoak. Gaur egun, 250 onuradun ditu programak eskualdean.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak alokairuko 11 etxebizitza inguru kudeatzen ditu Debabarrenean, eta hilabete honen amaieran Gaztelagun programako 36 etxebizitza emango dituzte. Gainera, datozen urteetan 500 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten duten proiektuak dituztela azaldu du sailburuordeak.