Eibar eta txirrindularitza. Txirrindularitza eta Eibar. Herri bat eta kirol bat elkar hartuta. Hala izan da aspalditik: «Niretzat Euskal Herriko txirrindularitzaren bihotza da Eibar», azaldu du Abraham Olano txirrindulari ohiak. Bertan hasi ziren egiten Orbea bizikletak 1930ean, eta 1952an han hasi zen jokatzen euskal txirrindularitzaren egutegian arrastoa utzi duen lasterketetako bat: Eibarko Bizikleta —Euskal Bizikleta eta Arrateko Igoera ere deitu zioten gerora—; 2008an egutegitik desagertu, eta Euskal Herriko Itzuliarekin bat egin zuen arte. Hala, Eibar urtero izan da Itzuliaren ibilbidean. Are gehiago, 2016az geroztik, bertan —herrigunean edo Arrateko gainean— amaitu izan da Itzulia. Aurten izango da salbuespena, lasterketa Bergaran amaituko baita: «Keinu polita egin du Itzuliak, Bergarako Lokatza txirrindularitza elkarteak 50 urte bete baititu. Egindako bidearengatik merezi zuen halako aitortza bat». Hala, gaur hasi eta amaituko da etapa Eibarren, azken-aurreko egunean.
Olanoren lasterketa kutunetako bat izan zen Euskal Bizikleta. Bi aldiz ageri da haren garaipen zerrendan, 1997an eta 1998an podiumaren gorenean izan baitzen. Hiru aldiz irabaztetik gertu egon zen. Garaipena lortu zuen lehen aldi hartan Fernando Escartin eta Daniel Clavero izan zituen alboetan; bigarrenean, berriz, Aitor Garmendia eta Laurent Jalabert. 1997koa oso berezia izan zen. Lehen etapa Olanoren jaioterrian amaitu zen, Anoetan, eta bigarrena ere handik hasi zen. Gainera, Olanok azken-aurreko etapa irabazi zuen, Abadiñon amaitutakoa. 1998an ere hura gailendu zen Abadiñon, azken-aurreko etapan. «Oso lasterketa berezia izaten zen. Maiatzean izaten zen, eta ordurako sasoian egon ohi nintzen. Euskal Herriko Itzulia goizegi izaten zen niretzat, nuen gorpuzkera tarteko denbora behar izaten nuelako sasoia hartzeko. Bestalde, ibilbidea ez zen hain menditsua, eta erlojuaren aurka ondo moldatzen ginen txirrindulariontzat egokia izaten zen». Egoten zen giroa eta parte hartzea ere nabarmendu ditu: «Zale asko izaten ziren errepidean, eta goi mailako txirrindulariak etortzen ziren». Lasterketa irabazi zuten txirrindularien artean hauek daude: Jesus Loroño, Marino Lejarreta, Jokin Mujika, Fede Etxabe, Gainni Bugno, Evgeni Berzin, Miguel Indurain, Haimar Zubeldia, Mikel Zarrabeitia... Hala, penaz hartu zuen lasterketa desagertu izana: «Orain Itzuli bakarra daukagu. Oso garrantzitsua, baina bakarra, eta hemengo txirrindularioi beti gustatu izan zaigu etxean korritzea».
Baina aipatu bezala, Itzuliari esker, Eibarren urtero izaten da goi mailako txirrindulariak ikusteko parada. Gaurkoan izango da horretarako aukera. Paul Seixas (Decathlon) oso nagusi izaten ari den arren, etapa polita izan daitekeela uste du Olanok: «Ibilbideari erreparatuta, uste dut Itzuliko etaparik gogorrena dela». Ziklistek 176,2 kilometro eta 3.841 metroko desnibel positiboa izango dituzte aurrez aurre. Etaparik luzeena eta aldapatsuena izango da. Zortzi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, horietako hiru lehen mailakoak: Azurki, Krabelin eta Urkaregi. Aurten apur bat aldatu dute ibilbidea, batez ere erdialdean: normalean, Bergara aldera jo ohi zuten ziklistek, eta aurtengoan Etumetara igoko dira, Aizarnatik. Handik Debara jaitsi, eta Kalbario igoko dute gero: «Eibarko etapa beti izan da esanguratsua Itzulian, eta faboritoek beti nahi izan dute irabazi, bai orain, bai bere garaian ere. Txirrindulari baten garaipen zerrendan badu esanahia».
«Eibarko etapa beti izan da esanguratsua Itzulian, eta faboritoek beti nahi izan dute irabazi, bai orain, bai bere garaian ere. Txirrindulari baten garaipen zerrendan badu esanahia», ABRAHAM OLANO / Txirrindulari ohia
Oraingo honetan etapa ez da Arraten amaituko, baizik eta herrian. Hala, argi du non mugitu daitezkeen txirrindulariak. «Nahiz eta helmugarako kilometro batzuk falta, Ixuan eta Krabelinen espero ditut mugimenduak. Mendate gogorrak eta aldapatsuak dira, errepide oso estukoak. Horrek bizitasuna ematen dio lasterketari. Hor ikusiko da nork ez duen etapa irabazteko aukerarik, eta oraindik Seixas estu hartzeko modurik ba ote dagoen. Arratera igo gabe ere etapa nahiko gogorra da horretarako».
Red Bull, Izagirre eta Bilbao
Estrategiari erreparatuz gero, uste du Red Bull dela mugitzeko ahalmen gehien izan dezakeen taldea: «Primoz Roglic edo Florian Lipowitz aurrera bidali, eta Decathlon behartu dezake lasterketaren aginte makila hartzera, eta lan egitera». Isaac del Torok lasterketa utzi izanak UAEren aukerak gutxitu egin dituela nabarmendu du: «Igor Arrieta lasterketa polita egiten ari da, baina ezin zaio eskatu Itzulia irabazteko borroka horretan egotea». Arrietatik harago, Ion Izagirrek (Cofidis) eta Pello Bilbaok egin dezaketenari erreparatu nahi izan dio: «Ion oso ondo ari naiz ikusten, Done Mikel Aralarko igoeran erakutsi zuen sasoiko dagoela. Baten batek huts eginez gero, baliteke podiumean egoteko borrokan egotea. Pello ere mugitu egingo dela uste dut, bai Eibarko etapan edo bai Bergarakoan, sailkapenean gora egiteko».