Eibar etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko lanean hasi da Udala

Justifikazio-memoria, diagnostiko teknikoa, eta ekintza-plan bat aurkeztu beharko dizkio Udalak Eusko Jaurlaritzari.
Eibar etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko lanean hasi da Udala
2025/07/14 18:06
eta kitto!

Eibarko Udalak jaso duen Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak dioenez, udalerriko 01 Barrutiak (Urki, erdialdea, Ego-Gain eta Otaola) etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko legezko irizpideak betetzen ditu, Etxebizitzarako Eskubidearen maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak ezarritakoaren arabera. Azterlanean jaso dutenez, eremu honetan etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak ehuneko hiru puntu baino gehiago egin du gora azken bost urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kontsumo-prezioen indizearen gainetik. Gauzak horrela, legearen 18.3 artikuluan jasotako funtsezko irizpideetako bat bete da. Udaletik argitu dutenez, kalifikazio horrek bide emango luke etxebizitzaren prezioa kontrolatzeko, maizterrak babesteko, eta herriko biztanleen etxebizitzarako sarbidea hobetzeko.
Jon Iraola alkateak positiboki baloratu ditu txostenaren emaitzak: “Etxebizitza eibartarren kezka nagusienetako bat da eta, beraz, alkatearena eta gobernu-taldearena ere bada. Hori dela eta, herrian babestutako etxebizitza sustatzeko politika argia daukagu. Diagnostiko honekin erabakiak hartu eta neurriak bultzatu ahalko dira, 01 Barrutiko bizilagunak babesteko”.
Bestalde, Hirigintzako zinegotzi Luis Vicente Castellanosek adierazi duenez, “etxebizitza-merkatuan horrelako tentsioak antzematea funtsezko urratsa da hirigintza-politika justuagoak eta eraginkorragoak abian jartzeko”. 
Erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute Udaletik: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lan egingo dugu, beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko, eta prozesu hau azkar aktibatzeko. Nolanahi ere, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak 01 Barrutia soilik aipatzen duela alde batera utzi gabe, jarduketek udalerri osoa ere barne hartzea aztertu nahi genuke”. Eibar eremu tentsionatu izendatzeko, Udalak justifikazio-memoria, diagnostiko teknikoa, eta ekintza-plan bat aurkeztu beharko ditu, dagoen etxebizitza eskasiari irtenbidea emateko proposamenekin.