Eibar FT-k Erreginaren Kopako partidua jokatuko du bihar Ipuruan

Eibar FT-k Erreginaren Kopako partidua jokatuko du bihar Ipuruan
2023/11/07 10:30
eta kitto!
Bi partiduko astea izango du oraingoan Yerai Martinek  zuzentzen duen taldeak: bihar Levante Las Planas hartuko du Ipuruan, Erreginaren Kopako kanporaketa berrian, 19:00etan hasiko den norgehiagokan; eta zapatuan, Atletico Madril talde handiari egingo dio bisita, eguerdiko 12:00etan hasita, Wanda Alcala de Henares zelaian jokatuko den partiduan. Aurreko zapatuan Real Madrilen aurka, galduta ere, egindako partidu handiaren ostean taldea animoso dago hurrengo erronkei aurre egiteko.

Atzo hartu zuten atsedenaren ondoren, aste honetarako Eibar FT-ko talde nagusiaren lan-plana honakoa da: gaur 10:45ean Unben arituko dira, bihar Kopako partidua du, etzi Ipuruako Anexoan jardungo dute 11:45ean, barixakuan ordu berean lan-saioa izango dute Unben eta, azkenik, zapatuan Madrilen izango dute zain bertako Atletico.