Eibar FT-k Real Madrid hartuko du Unben domeka eguerdian
Dorronsororen neskek sendo jarraitzen dute eurentzat berria den Iberdrola Ligan eta atzokoan, beste behin, ondo erakutsi zuten zaila dela eurei irabaztea. Hiru eguneko tartean bi neurketa zail egokitu zaie, biak ere Unben jokatzeko, eta domekan, eguerdiko 12:00etan hasita, bigarrengoari egingo diote aurre. Real Madrid talde berri bezain indartsua izango dute aurrean, azken jardunaldietan mailari neurria hartzen diharduela erakusten duen taldea hain zuzen: 3-1 irabazi berri zioten Rayori eta 3-0 Deportivori jarraian.
Atzoko partiduan, bestalde, Eibarrek ondo eman zuen aurpegia Atletico de Madrid ahalguztidunaren aurrean, 15. minutuan sartutako golak erabaki zuen norgehiagokan. Van Dongenek buruz lortu zuen gol bakarra, korner baten ondoren, eta eibartarrek ere izan zituzten eurenak, aurkariari beldur pixka bat sartzeraino. Beste neurketa bikain bat atzo eibartarrek jokatutakoa.