Eibar Igerixan klubak distira egin du Neguko Liga Probintzialean eta Eibarko Gabon Kopan
Urtea bikain amaitu du Eibar Igerixan klubak. Zapatuan, abenduak 13, maila handiko bi lehiaketatan aritu ziren taldeko ordezkariak eta emaitza esanguratsuak lortu zituzten.
Legazpin Neguko Liga Probintzialaren hirugarren jardunaldia jokatu zen eta federatuek hartu zuten parte bertan. Euren artean, nabarmentzekoa dira Edorta Onekak 200 estiloetan, Naroa Osak 200 bizkarrean, eta Iker Calvok 50 bularrean eta bizkarrean lortu zituzten garaipenak. Gainera, erreleboetan ere emaitza onak lortu zituzten: gizonezkoek 1. postua 4x50 estiloetan eta emakumezkoek 3. postua 4x50 librean.
Ipurua kiroldegian, bestalde, Gabon Kopa jokatu zen. Bertan, Eibar Igerixaneko 60 igerilari baino gehiago aritu ziren lehian eta, esperientzia lortzeaz gain, emaitza onak ere eskuratu zituzten. Hauek nabarmendu ziren: Hodei Trifol (1.a 50 bularrean), eta Paule Martin eta Gorka Castrillo (1.ak 100 bizkarrean). Gainera, 50 metroko probetan podium ugari lortu zituzten eibartarrek eta taldeak hiru 3. postu lortu zituen erreleboetan (mistoan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan).