Eibar Igerixan taldekoek igerilari osoak direla erakutsi dute

Zumaiako ‘Igerilari osoa’ txapelketan izan ziren asteburuan, Txantxiku Sarirako motorrak berotuz
Eibar Igerixan taldekoek igerilari osoak direla erakutsi dute
2026/05/21 13:23
Ekhi Belar Errasti

Eibar Igerixan taldeko igerilariek asteburu emankorra osatu zuten Zumaian jokatutako “Igerilari Osoa” txapelketan. Lehiaketa berezia izan zen, parte-hartzaileek igeriketako lau estiloetan aritu behar izan baitzuten, diziplina osoa eta moldakortasuna proban jarriz.

Klub armagina Ariane Valenciaga, Noa Amesti, Aiora Vega eta Mohammed Mokaddem igerilariek ordezkatu zuten. Guztiek txapelketako proba guztiak osatu zituzten, ahalegin handia eta jarrera bikaina erakutsiz.

Emaitzei dagokienez, sentsazio oso onak utzi zituen hitzorduak Eibar Igerixanen barruan. Izan ere, parte hartu zuten lau igerilariek euren marka pertsonalak hobetu zituzten jokatutako probetan. Klubetik nabarmendu dutenez, denboraldian zehar egindako lanaren isla izan dira emaitza horiek.

Talde sailkapenean ere paper aipagarria egin zuen Eibarko taldeak, zortzigarren postuan amaituta. Emaitza horrek harrobiaren bilakaera ona berresten duela azaldu dute klubeko arduradunek, eta datozen urteetarako proiekzio interesgarria ikusten dutela gaineratu dute.

Lehiaketek, gainera, ez dute etenik izango. Datorren asteburuan berriro uretara egingo dute salto Eibar Igerixango gazteek, Oñatin jokatuko den Txantxiku Sarian parte hartzeko. Hitzordua larunbatean izango da, 15:30etik aurrera, eta benjamin zein alebin mailako igerilariek hartuko dute parte.