Eibar Igerixan taldekoek maila handia erakutsi zuten San Juan Sarian

Taldeko igerilari batzuk Hernanin, Donostian eta Oñatin lehiatu dira asteburuan
Eibar Igerixan taldekoek maila handia erakutsi zuten San Juan Sarian
2026/06/15 10:02
Ekhi Belar Errasti

Azken asteak jarduera bizikoak izan dira Eibar Igerixan taldearentzat eta emaitzek agerian utzi dute klubak bizi duen une ona. Eibarren, Hernanin, Oñatin eta Donostian jokatutako txapelketetan domina, podium eta marka pertsonal ugari eskuratu dituzte taldeko igerilariek.

Maiatzaren 29an, Ipurua kiroldegian jokatutako San Juan Sarian etxeko ordezkariek maila handia erakutsi zuten. Banakako probetan, Ane Osa, Itsaso Castrillo eta Iker Calvo garaile izan ziren; Issam Mokaddemek eta Ander Izaguirrek bigarren postuak lortu zituzten, eta Naroa Osak eta Asier Gomezek hirugarren amaitu zuten.

Erreleboetan ere nabarmendu ziren eibartarrak. Ane Osa, Julen Prieto, Issam Mokaddem eta Itziar Eirizek osatutako taldeak lehen postua eskuratu zuen 4x100 metro estilo mistoko proban. Garaipena lortu zuen baita ere Naroa Osa, Jokin Oneka, Ander Izaguirre eta Itsaso Castrillok osatutako laukoteak.

Horrez gain, Iker Calvok, Itsaso Castrillok, Ane Osak eta Issam Mokaddemek Eibarko igerilari onenen aitortza jaso zuten euren kategorietan.

 

Bikain Eibartik kanpo ere

Hurrengo egunean, maiatzaren30ean, Hernanin jokatutako Euskadiko Joko Eskolarretan, Alazne Avellaned, Xabat Limia, Paul del Rio eta Gorka Castrillo aritu ziren lehian. Guztiek euren marka pertsonalak hobetu zituzten, eta Alazne Avellanedek eta Gorka Castrillok Euskadiko Txapelketan parte hartzeko gutxieneko markak lortu zituzten.

Ekainaren 6 eta 7ko asteburuan ere lehiaketa ugari izan zituzten. Oñatin jokatutako Gipuzkoako Udako Sarian podium ugari eskuratu zituzten Eibar Igerixango ordezkariek, eta Donostiako Open Sarian, berriz, hainbat finaletarako sailkapen eta marka pertsonalen hobekuntzak lortu zituzten. Asteburuko emaitzarik aipagarriena Paula Calvorena izan zen, txapeldun izatea lortu baitzuen.

Alebinak eta infantilak, bestalde, Tolosan jokatutako Udako Txapelketan izan ziren ekainaren 13an eta 14an. Guztira sei igerilari aritu ziren bertan (Ane Osa, Isaam Mokaddem, Alazne Avellaned, Paule Martin, Xabat Limia eta Gorka Castrillo) eta podiumera igo ziren batzuk. Paule Martinek bigarren postua eskuratu zuen 50 m bizkar proban; Alazne Avellaned hirugarren sailkatu zen 50 m bularrean; eta Gorka Castrillok ere hirugarren amaitu zuen 400 m librean. Bestalde, Xabat Limiak bi domina lortu zituen, hirugarren postuan sailkatuz bai 100 m estiloetan bai 100 m bularrean.