Eibar Igerixanek distira egin du Nautiques de Tarbes nazioarteko txapelketan
Asteburu bikaina osatu dute Eibar Igerixaneko igerilariek Tarbes (Frantzia) hirian jokatutako 33. Nautiques de Tarbes txapelketan. Final ugari, marka pertsonalen hobekuntzak eta garaipen nabarmenak eskuratu dituzte armaginek, nazioarteko mailako lehian euren maila erakutsiz.
Maiatzaren 2an eta 3an jokatutako hitzorduan, Eibar Igerixaneko ordezkariak Itziar Eiriz, Itsaso Castrillo, Asier Gómez, Anes Mokaddem eta Issam Mokaddem izan ziren. Horrez gain, Paula Calvo-k Gipuzkoako selekzioarekin parte hartu zuen, eta txapelketako izen propioetako bat bihurtu zen.
Finalei dagokienez, Itziar Eirizek 100 metro bizkar probako finalerako sailkapena lortu zuen, eta bide bera egin zuen Itsaso Castrillok ere, proba berean maila handia erakutsita.
Asteburuko jardun biribilenetakoa, ordea, Anes Mokaddemena izan zen. Igerilari gazteak 100 librean, 100 tximeletan eta 50 tximeletan finaletara iristea lortu zuen, gainera bere marka pertsonalak hobetuz.
Baina protagonismo berezia izan zuen Paula Calvok. Gipuzkoako selekzioarekin lehian, lehen postua eskuratu zuen 200 estiloetan, 100 bizkarrean, 100 librean eta 200 bizkarrean. Gainera, 100 metro bizkar proban txapelketako errekorra ezarri zuen, bere marka pertsonala ere hobetuta.