Eibar KE-k 2024/25 denboraldirako kamiseta aurkeztu du

Hummel etxeak sortu du armaginen jantzi berria
Eibar KE-k 2024/25 denboraldirako kamiseta aurkeztu du
2024/07/01 09:42
eta kitto!

Eibar KE hasi da 2024/25 denboraldia prestatzen. Taldeari dagokionez, momentuz taldea lagako duten jokalarien izenak besterik ez dituzte iragarri, baina estetikari begira badaude berritasunak.

Iaz bezala, Hummel etxeak sortuko ditu denboraldi berrirako jantziak eta gaur goizean aurkeztu dituzte sare sozialen bitartez. Kolore gorriurdinei eutsiz, marra lodiagoak dira eta kamisetak xehetasun txuri gehiago ditu.

Kamiseta Eibar KE-ren webgunean salgai dago dagoeneko.

 

Ordezko kamiseta

Kamiseta gorriurdinaz gain, ordezko kamiseta ere argitaratu du Eibar KE-k. Aurten, inoiz ez bezala, marra gorri eta urdin finak dituen urre-kolorezko kamiseta erabiliko du talde armaginak.

 

Smartlog babesle berria

SD Eibar eta Smartlog Group enpresak akordio bat sinatu dute, Smartlog klubaren babesle nagusi bilakatuz hurrengo hiru denboraldietarako. Gipuzkoar enpresa honen logoa gizonezkoen lehen taldearen kamisetaren aurrekaldean agertuko da.
Akordio honekin, bi erakunde gipuzkoarrek 2024eko urtarrilean hasi zuten konpromisoari jarraipena ematen diote, izan ere 2024 urtearen hasieran Smartlog emakumezkoen lehen taldearen babesle nagusi bilakatu baitzen. Gainera, Smartlog emakumezkoen lehen taldearen babesle nagusia izaten eta kamisetaren aurrekaldean agertzen jarraituko du.

Joan zen astean aurkeztu zuten hartutako akordio hori Amaia Gorostiza SD Eibarreko presidenteak eta Javier Zubiaurre Grupo Smartlogeko CEOak. Smartlog Group Urretxun egoitza duen nazioarte mailan lan egiten duen enpresa da, Europan, Hego eta Erdi Amerikan, Ekialde Ertainean eta Afrikako Iparraldean presentzia duena. Smartlog Group intralogistika aurreratuen diseinuan eta inplementazioan espezializatuta dago, datuen gestioaren teknologian eta robotika mugikor autonomoan oinarritzen da. Helburu nagusia biltegi eta zentro logistikoak automatizatu eta efizienteagoak bilakatzea da, haien instalakuntzetako produktibitatea hobetuz.