Eibar KE-ko bigarren taldeek orbanik gabeko bidea daramate bost jardunaldi jokatuta

Eibar KE-ko bigarren taldeek orbanik gabeko bidea daramate bost jardunaldi jokatuta
2023/10/10 10:22
eta kitto!
Emakumezkoen 3. RFEF Mailan jokatzen duen Eibar B sailkapeneko gorenean dagoen bezala, bide bera darama gizonezkoen Erregionaleko Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar B edo Eibar Urkok. Bien kasuan, gainera, eurak dira bakarrak jokoan ipinitako hamabost puntuak eskuratu dituztenak. Emakumezkoen taldeak 17 gol sartu ditu eta bakarrik bi jaso; eta gizonezkoenak 18 gol lortu ditu, bakarrik lau jasota. Azken talde hau, dena dela, ohituta dago azken denboraldiotan Ohorezko Maila horretako ligak irabaztera, nahiz eta ezin izan duen 3. RFEF Mailara igo aurretik duen Vitoria filiala bertan dagoelako, goiko mailara igo ezinik.

Aipatutako Vitoria 3. RFEF-ko bere multzoko 4. postuan dugu egun azken asteburuan Deustun 1-2 irabazi eta gero. Aurretik Beasain (bi puntu gehiagorekin) eta Portugalete eta Lagun Onak (hauek bakarreko aldearekin) daude. Postu berean dago jubeniletako Ohorezko Mailan jokatzen duen mutilen taldea, Osasuna, Alaves eta Antiguokoren atzetik.