Eibar kirol elkarteak "guztion ahalegina" beharko duela dio Aranzabalek
Kapital zabalkuntzaren aurrean guztion ahalegina beharko dela dio Alex Aranzabal presidenteak. Orain data ezarri zaio Eibar Foball Taldeak egin beharreko kapital zabalkuntzari. Abuztuaren 6rako 1’7 milioi eurotan handitu beharko du bere kapital soziala: gaur egungo akzioen balorea 422.253 eurokoa da eta ipatutako egunerako 2.146.525 euroko kapitala izan beharko du. Horren aurrean, klubeko zuzendaritza buru-belarri sartu da prozesuan eta han-hemenka dihardu hariak mugitzen eta beharrezko ateak jotzen. Alex Aranzabal presidenteak dioenez, “noiz-behinka borrokatzea dagokigu. Legea hor dago, baina bere espirituaren kontra egiten du gure moduko talde bati erasotzen dionean. Seriotasuna erakutsi dugunean, zorrik gabe eta ekonomikoki indartsu gaudela erakutsiz eta estatu osoan eredutzat hartzen gaituztenean”.
Denboraldia hasi aurretik mehatxua buru gainean zuten, “baina orain arte extraofiziala zena ofiziala bihurtu da”. Hemendik aurrera, lehenengo urratsa bazkideen batzarra deitzea izango da: “Legezko tramiteak bete behar ditugu eta, deialdia eginda 30 egun pasatu behar direnez, martxoaren amaierarako aurreikusten dut”, dio Aranzabalek. Kapital zabalkuntzaren faseetan, “lehenengoan gaur egungo akziodunek hartuko lukete parte, gero beste bazkideek eta, azkenekoan, bestelako jende guztiak. Argi dago beharko dugula gaur egungoen laguntza eta, baita, beste batzurena ere”. Argi dute euren asmoa gaur egungo bideari jarraitzea dela: “Ezin dugu kluba laga kanpotik etorri daitekeen inbertsore ahalguztidun baten eskuetan. Eibar FT eibartarrona izan behar da, gipuzkoarrona, euskaldunona azken batean”.
Klubaren administrazio kontseilua adoretsu dago erronkaren aurrean: “Erakundearen aldeko jarrera nabaritu dugu, badira kanpotik deitu diguten enpresak, baita operazioa finantzatzeko aukerak, foballari-ohien berotasuna igarri dugu, bazkideena... Eibarko herriak eta masa sozialak aurrera egingo du”.
Aste honetan bertan Gipuzkoako PSE-EEk ebazpen proposamena eramango du Biltzar Nagusietara Kirol Goren Kontseiluak karga hori kendu edo arindu diezaion klubari eta EAJ-k Kiroletako Estatu-idazkariaren agerraldia eskatu zuen martitzenean Kongresuan.
Hainbat datu
Noiz egin zen Eibar FT Kirol Sozietate Anonimo? 1992an, Juan Luis Mardaras presidente zela. Zergatik geratu ziren kanpo Athletic, Osasuna, Bartzeloa eta Real Madril? Aurreko bost urteetan zorrik ez zutelako izan. Zergatik gaurkotu behar du kopuru hori orain Eibarrek? 2. B mailan bi denboraldi baino gehiago egin duelako. Zein kiroletan dago indarrean lege hori? Foballean (1. eta 2. maila) eta saskibaloian (ACB). Gaur egungo 3.000 bazkideen artean banatuta, zenbat aportatu beharko luke bakoitzak? 580 euro. Akzio bat duenak zenbat berri erosi ditzake? Hasieran, lau. Akzio nominalak 60 euroko balioa du. Legea indarrean ipini zenean, zorra 172 milioi eurokoa zen; orain 5.000 milioitik gorakoa da.