Eibar Martxan ekimenarekin esango diogu agur Europako Kirol Hiria izateari

Eibar Martxan ekimenarekin esango diogu agur Europako Kirol Hiria izateari
2023/11/09 14:06
eta kitto!
Eibar Europako Kirol Hiria izan da aurten eta hainbat ekintza egin dira kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruan. Orain, urtea amaitzear dela, agur esango diogu izendapen horri, baina aurretik zenbait ekintza prestatu ditu Udalak datorren asterako.

Azaroaren 15ean, ‘Eibar: Europako Kirol Hiria... Etorkizuneko erronkak’ izeneko mahai-ingurua egingo da herriko kirol arloko jendearekin. Saioa Coliseo antzokian izan da, 18:30ean, eta hauek izango dira parte-hartzaileak: Julian Eraso (Itzulia), Eider Olarreta (Eibar Rugby Taldea), Pello Osoro (triatleta), Ander Romarate (igerilaria), Ane Campos (Eibar KE) y Aitor Elordi (ASPE). Bertan, Eibarrek kirol arloan dituen erronken inguruko gogoeta egingo da, euskaraz egingo den Eibarren Akebaik antolatutako ekintzan.

 

Profesionalak eta adituak

Hurrengo egunean, hilaren 16an, 9:30etik 17:00etara, ‘Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta tokiko garapena’ izeneko jardunaldia egingo da Coliseo antzokian eta Errebal Plazan. Hainbat arlotako profesionalek eta adituek hartuko dute parte bertan, eta herritarrei ere protagonismoa emango zaie. Jardunaldiaren helburua kirolak eta jarduera fisikoak lurraldean, gizartean eta ekonomian duten eraginaren inguruan gogoeta egitea da.

Lehen hitzaldia hauxe izango da: ‘Kirola eta Hiri Agenda. Hiri aktiboa garapen-estrategia gisa’, Juanma Murua kirol-gestioko ekonomialari eta aholkulariak emango du. Jarraian ‘Eibar Martxan’ azalduko da, kirola, jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko Udalak daraman estrategia. Ondoren elkarrizketa irekien txanda izango da; betiere kirolaren eta hiriaren arteko harremana ardatz izanik, hiru arlotan banatuko dira solasaldiak: Hiria, Gizartea eta Ekonomia.

Hiru areto egokituko dira izen horiekin eta areto bakoitzak bi mahai-inguru izango ditu. ‘Hiria’ aretoan udaletako kirol-politika berriez eta haien gestioaz jardungo dute, eta nola `kiroleztatu´ espazio publikoak eta haien jasangarritasuna. ‘Gizartea’ aretoan gai hauek landuko dira: jarduera fisikoa tresna sozial gisa eta oinarrizko kirol-taldeen etorkizuna. ‘Ekonomia’ aretoan: kirol-ekimenek lurraldean eta ekonomian duten inpaktua.

Bertaratzen direnek beren esperientziak eta iritziak partekatuko dituzte lan-mahietan planteatutako erronken inguruan. Mahaietan sektoreko erreferente diren eta gaian esperientzia handia duten pertsonek parte hartuko dute.  Besteak beste, Iñaki Iturrioz (Gipuzkoako Foru Aldundia), Patxi Galarraga (Projekta Urbes), Ekain Larrinaga (Bilboko Udala), Xepe Gallastegui (Urkiko Klub Deportiboa), Laura Espín (BIC Gipuzkoa) eta Arrate Fernandez (Eibar KE).

Luntxaren ostean, espazio bat egongo da mahai bakoitzeko ordezkariek goizean landutakoa partekatzeko. Hala, jardunaldian parte hartzen duten guztiek aukera izango dute parte hartu ez duten mahaietan izandako emaitzak lehen eskutik ezagutzeko. Parte hartu nahi dutenek www.eibarmartxan.eus webgunean eman dezakete izena.

 

Wellk-en erronka

Ekimen hau Wellk-ek antolatutako ‘Eibar Martxan' kirol-erronkarekin amaituko da, azaroaren 16an (9an hasi zen). Erronkaren xedea herrian kirol-jarduera egiteko espazioak edo aukerak identifikatzea da. Azken helburua da hiri guztia kirol fisikorako espazio gisa ulertzea eta herritarren parte-hartzearen garrantzia balioan jartzea.

Parte-hartzeko, bakarka edo kirol-kluben bitartez egin daiteke, eta esteka honen bitartez egin daiteke bat: https://linktr.ee/wellkapp.

Eibar martxan