Eibar memoria toki izendatuko du Espainiako Gobernuak

II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen tokia izan zelako ekarriko dute gogora
Eibar memoria toki izendatuko du Espainiako Gobernuak
2025/01/13 12:12
eta kitto!

Aurtengo azaroan Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena beteko da eta, horren harira, memoria demokratikoa sustatzeko asmoa adierazi du Espainiako Gobernuak. Horretarako, demokraziaren garapenean esangura berezia izan duten memoria tokiak goratzea da asmoa, aparteko garrantzia izan duten leku eta gertaerak gogora ekartzeko. Zentzu horretan, jakinarazi du zein toki eta gertaera gehituko dituzten orain zerrenda horretara, eta Eibar dago tartean, memoria toki bihurtuko delarik.

Eibar gogora ekarriko dute 1931ko apirilean hantxe aldarrikatu zutelako Espainiako II. Errepublika. Frankismoaren aurrekoa da gertaera hori, baina berebiziko esanahia izan zuen demokraziaren garapenean.

 

Gasteiz, Saturraran eta Ezkaba mendia ere

Eibarrez gain, Gasteiz, Mutrikuko Saturraran hondartza eta Iruñerriko Ezkaba mendia ere memoria toki izendatuko dituzte. Gasteiz 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren harira eramango dute zerrendara. Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak hil eta beste hainbat zauritu zituen Gasteizko San Frantzisko elizan. Tenpluaren barruan biltzar bat egiten ari ziren milaka langile, greba orokor baten harira, eta eraso egin zien Poliziak. Gertaera hori ikertzeko eta argitzeko eskari ugari izan dira urteotan, eta askotan deitoratu dute egondako zigorgabetasuna.

Saturrarani dagokionez, frankistek bertan kartzela izan zutelako ekarriko dute gogora. Emakume presoentzat prestatu zuten propio, eta 1938 eta 1944 urteen bitartean egon zen martxan, bertatik 4.000 emakume inguru pasa zirelarik. Horietatik 177 hil ziren.

Ezkaba mendia, bestalde, 1938ko maiatzaren 22an bertako kartzelatik 795 presok ihes egin zutela gogoratzeko erantsiko dute zerrendan.