Eibar Rugby Taldea Ohorezko Mailara igotzeko azken urratsaren zain

Javi Aguadok prestatzen duen taldeak aukera bikoitza izango du
Eibar Rugby Taldea Ohorezko Mailara igotzeko azken urratsaren zain
2025/05/06 12:43
eta kitto!

Aukera bikoitza izango dute Eibar Rugbikoek aurreko denboraldian galdutako maila berriz ere berreskuratzeko. Javi Aguadok prestatutako taldeak ibilbide gorabeheratsua izan du orain arte Ohorezko B Mailan eta, lehenengo fasean partidu guztiak irabazi eta gero, bigarrenean hainbat porrot bildu zituen. Baina zirt edo zart egiteko ordua heldu denean indartsu ekin dio azken kanporaketei eta, aurretik Santboianari Unben irabazi ondoren, azken asteburuan Eibarko hamabostekoa 6-31 nagusitu zitzaion Valentzian Turiari. Behin Levanteko taldea kanporatuta, eibartarrek Pozueloko Olimpicoren aurka jokatuko dute Ohorezko B Mailako finala hilaren 18an. Horko irabazleak iaz galdutako maila berreskuratuko du, eta galtzaileak beste aukera bat izango du helburu bera lortzeko, oraingo horretan A Coruñako CRAT-en aurka jokatuz partidu bakarrera.

Asteburuko partiduan etxekoek, valentziarrek, hartu zuten aurrea zigor bi kolpekin, baina lehen zatia amaitzear zela Adara Alfonsok entsegua lortu zuen eta baita transformatu ere. Bigarren zatia hasita, Iraide Toyosek lortu zuen bigarren entsegua armaginentzat, eta horri Kasey Roirik eta Leire Markiegik lortutako entseguak gehitu zitzaizkion. Adara Alfonsok gauzatu zituen lau entseguak, zigor kolpe batekin batera.

Finalerdi horretara iristeko, bi hilabete jokatu barik egon ostean, aurretik Eibar Rugbyk 48-0 irabazi zion Santboianari Unben. Aguadok prestatzen duen emakumezkoen taldeak aurkari zaila izango du Pozueloko Olímpicoren, jokatutako beste finalerdian Madrilgo taldeak 76-0 irabazi baitzion Flor de Escociari.