Eibar Rugby Taldea Zilarrezko Kopako txapeldun
Eibar Rugby Taldeak 2026ko Erreginaren Zilarrezko Kopa irabazi du. Ostiralean, maiatzak 1, Madrilgo El Cantizal zelaian jokatutako finalean Barcelona Universitari Club (BUC) taldeari 35-10 gailendu zitzaion eta garaipen historikoa lortu zuen.
Partidaren hasierak argi utzi zuen bi taldeen arteko lehia estua izango zela. Hasi eta berehala jarri ziren eibartarrak markagailuan aurretik, 1. minutuan Janire Altunak gauzatutako zigor-kolpe batekin. Hala ere, kataluniarrak ez ziren kikildu eta 28. minutuan parekotasuna berreskuratu zuten beste zigor-kolpe batekin.
Lehen zatia orekatua izan zen erabat, baina atsedenaldiaren atarian, 41. minutuan, Eibarrek entsegu bat lortu zuen, transformatu gabea, atsedenaldira 8-3ko emaitzarekin joateko.
Bigarren zatian, ordea, armaginen indarra nagusitu zen. Eibarrek erritmoa bizitu eta hamabi minutuko tartean entsegu bat eta zigor-kolpe berri bat erdietsi zituen, markagailua 18-3ra eramanez. Janire Altunaren zehaztasuna funtsezkoa izan zen eta 66. minutuan beste zigor-kolpe bat sartu zuen, 21-3koa ezarriz.
BUC markagailua estutzen saiatu zen Zoe Finelliren entsegu bati esker (21-10), baina Eibarrek kontrolari eutsi zion. Partidaren azken txanpan, eibartarrek erasoan erakutsitako eraginkortasunak bidea erraztu zien, azken emaitza 35-10era eramanez.