Eibar Rugby Taldeak garaipenarekin ekin dio Ohorezko B Mailari
Eibar Rugby Taldeak garaipenarekin ekin dio Ohorezko B Mailako ibilbideari. Eibartarrek 36-12 hartu zuten mendean Atletico Portuense igandean, urriak 11, Zarauzko Asti zelaian jokatutako neurketan.
Partidaren hasieran, Eibarrek aurrea hartu zuen Janire Altunak zigor-kolpea gauzatu ostean. Portuensek, ostera, azkar erantzun zuen: zortzigarren minutuan entsegua egin zuen, baina ez zuen transformazioa lortu, eta markagailua 3-5ekoa izan zen.
Lehen zatia parekatua izan zen, bi taldeak lehian eta defentsan gogor aritu baitziren. Atsedenaldira markagailua aldatu gabe iritsi zen, eta Eibar Rugby Taldeak 3-5 galtzen amaitu zuen lehen zatia.
Bigarren zatian, eibartarrek neurketaren kontrola hartu zuten eta erasoan eraginkorrago aritu ziren. Talde-lanari eta jokoaren irakurketari esker, markagailuan aldeak handitzea lortu zuten, eta azken txistua jo zenean 36-12 nagusitu ziren.
Liderra bost punturekin
Garaipen horrekin, Eibar Rugby Taldeak sailkapenaren lidergoa hartu du, bost punturekin, eta puntu batera du Gaztedi. Dena dela, talde batzuek oraindik ez dute euren partida jokatu.
Bigarren jardunaldiko partidan Complutense Cisneros taldeari egingo diote bisita, larunbatean, urriak 17, 16:30ean.