Eibar Rugby Taldeak hirugarren porrota jarraian jasan du

Ohorezko B Mailako emakumezkoek Barçaren aurka galdu zuten, atzo, Unben
Eibar Rugby Taldeak hirugarren porrota jarraian jasan du
Argazkia: Alejandro De Diego (@jandrito64)
2025/11/17 17:37
Ekhi Belar

Ez dabil bolada onean emakumezkoen Ohorezko B Mailan jokatzen duen Eibar Rugby Taldea. Atzo, azaroak 16, Barça jaso zuen Unben eta, aurpegia eman arren, porrota jasan zuen, 14-22.

Gorka Igartiburu bigarren entrenatzailearen berbetan, “gure partidurik onena izan ez arren, partida irabazteko aukerak eduki genituen Barçaren aurka. Honek erakusten du kapazak garela liga honetan edonori irabazteko, baina horretarako entrenamenduetan aritzen garen bezala jokatu behar dugu. Datozen bi partidak hil ala biziko neurketak izango dira, biak irabazi behar ditugu”.

Hurrengo partidua abenduaren 14ko asteburuan jokatuko du Eibar Rugby Taldeak, Universitario Bilbao Rugby taldearen kontra, eta horren ondoren PRB Flor De Escocia taldea jasoko du, abenduaren 21eko asteburuan. Horrekin emango dio amaiera 1. faseari.