Eibar Rugby Taldeak jaitsiera zuzena saihestu du momentuz
Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar Rugbyk garrantzitsua izan daitekeen garaipena lortu zuen domekan Rugby Barçari 17-18 irabazita Bartzelonan. Horrela, hemendik bi asteburura, hilaren 17an, Sevillan Ghenova Cocos taldearen kontra jokatuko duen partiduan eibartarrek mailari eusteko azken aukera izango dute. Jakina, sailkapeneko azkenak izanda, une honetan aurrean duten Pozuelorengandik puntu bakarrera, beharrezkoa izango dute irabaztea eta madrildarrek euren partidua ez irabaztea.
Partidua hasi eta berehala 5-0 galtzen joan ondoren, atsedenaldira heldu aurretik irauli zuten markagailua Cristina Guntinek zuzentzen duen taldekoek. 5-10eko hori 12-15era pasatu zen, ondoren kataluniarrek hartu zuten aurrea (17-15), eta azkeneko hiru puntuek garaipena eman zien eibartarrei. Aiora Ibarrek eta Oihane Lopez de Ullibarrik lortu zituzten armaginen entseguak, eta Naroa Lopezek gauzatu zituen hiru ostikada zutabeen artean.