Eibar Rugby Taldeko udako udalekua hasi zuten aurreko astean

Eibar Rugby Taldeko udako udalekua hasi zuten aurreko astean
2023/07/04 11:42
eta kitto!
Aste ondo betea izan dute udaleku horretan parte hartzen dutenek eta honakoan aurrez hasitako bidetik joko dute. Horrela, aurreko astelehenean, udalekuetako lehen egunean, aurkezpen-jokoak egin zituzten “elkar ezagutzen joateko”. Martitzenean Eibar-Elgoibar ibilbidea egin zuten hasteko, gero egun osoa Mintxetako igerilekuetan pasatzeko. Eguaztena Gurpilaren Eguna izan zuten, bakoitzak skate, bizikleta edo monopatina eramanda, “Sautxiko Skate Parkea inauguratzeko”. Eguenean Debako hondartza-eguna izan zuten, arratsaldean errugbia praktikatzeko modu intentsiboan: zirkuitua, lasterketa, partiduak... Eta barixakuan atletismoari eskaini zioten tartea, jaurtiketa eta hesien bidez, hori bai, errugbia alde batera laga barik. Asteburuko atsedenaldiarekin indarberrituta, astelehen honetan ekin diote berriro “gozamenez eta kirolez betetako” aste berriari.