Eibar Rugbyk ezin izan zuen probestu 1. Mailara igotzeko lehen aukera
Atzo Pozuelon jokatutako partiduan bertako Olimpicorekin 17-12 galdu eta gero, Javi Aguadoren taldeak beste aukera bakarra izango du hurrengo denboraldian Ohorezko Mailan jokatzeko. Goiko maila horretako aurkaria izango du promozioko partidu hori jokatzeko: domeka eguerdian, seguruenik Xixonen, A Coruñako CRAT taldearen kontrako partiduan erabakiko da eibartarrek iaz galdutako maila berreskuratuko duten ala ez.
Pozuelon jokatutako norgehiagokan eibartarrak nagusi izan ziren lehen zatian, baina nekea igarri zitzaien bigarrenean eta madrildarrek jakin izan zuten partidua iraultzen. 0-7 aurreratu ziren armaginak Haizea Zabalak transformatutako Amaiur Mayoren entsegu bati esker, eta talde hori handitu zuten Oihane Lopez de Ullibarri, Mayo eta Yamila Oteroren arteko konbinaketari amaiera eman zion entseguari esker. Hala ere, lehen zatia amaitu aurretik madrildarrek entsegua eskuratu zuten (7-12). Bigarren zatian, Aguadorenek asko nabaritu zuten lehen zatiko jokoak eta presioak eragindako nekea, eta Pozuelokoak gauza izan ziren emaitza iraultzeko.