Eibar Saskibaloiako emakumezkoen senior taldeak historiako lehen partidua jokatuko du bihar

Eibar Saskibaloiako emakumezkoen senior taldeak historiako lehen partidua jokatuko du bihar
2023/10/06 10:56
eta kitto!
Saskibaloiak historia egingo du bihar Eibarren, senior mailako emakumezko talde batek herrian jokatzen duen lehen neurketa jokatuko baita. Izan ere, Eibar Saskibaloiak Atletico San Sebastian jasoko du Ipuruako kiroldegian, bihar, 16:30ean.

Eibar Saskibaloiaren harrobian hazitako emakumeek osatzen dute taldea, denak dira Eibarkoak eta Gipuzkoako 2. maila probintzialean jokatuko dute. “Taldea osatu izanagatik pozik gaude, baina ez gara horrekin bakarrik konformatzen eta mailaz igotzea da gure helburua”, esan digute Eibar Saskibaloia klubetik.

Eibar Saskibaloia taldeak orain dela zazpi urte hasi zuen bere ibilbidea 22 umerekin. “Harrobi sendoa sortzea zen gure asmoa”, diote klubetik. Horrela, maila guztietan taldeak edukitzeko asmoa lortu zuten, “baina senior mailako emakumezkoen taldea sortzea falta zitzaigun”, aipatzen dute. Aurten, ostera, lortu dute taldea osatzea eta “klubeko beste eta inguruko herrietako neskentzat eredu izan daitezela nahi dugu”, azaldu dute Eibar Saskibaloiakoek.

 

200 jokalari harrobian

Eibar Saskibaloian oso pozik daude urte hauetan sortu duten harrobiarekin. 200 jokalari inguru daude taldean, “eta proiekzio handiko jokalariak ditugu”, diote klubetik.

Benjamin mailatik senior mailara adin eta sexu guztietako jokalariak daude Eibar Saskibaloian. “Zazpi urtetan eraiki dugu hau guztia, Eibarren ez baitzegoen ezer. Arraroa iruditzen zitzaigun, saskibaloia mundu mailako bigarren kirol jokatuena delako”, azaldu digute. Horrela, Eibar Saskibaloiak aise bete du herrian genuen hutsune hori.