Eibar Tabako Kerik Gabe kanpaina aurkeztu dute
Gaur (barixakua, hilak 24) aurkeztu dute Eibar Tabako Kerik Gabe kanpaina udaletxean. Ekitaldian Maribel Larrañaga Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordeak, Jesus Gomez Aparicio, Osakidetzako Debabarreneko ESI-etako ordezkariak eta Ana Rodriguez zinegotziak hartu dute parte eta eurek azaldu dituzte tabakoaren kontsumoa jaisteko asmoari jarraituta abiatutako kanpainaren barruako ekimen nagusiak. Hezkuntza Sailarekin batera, 2012-2013 ikasturtean Eibarko ikastetxeetako DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleekin Kerik gabeko ikasgelak izeneko ekimena lantzen jardun dute, batez ere gazteek erretzen hastea saihesteko asmoz. Denera 342 ikaslek eta 16 tutorek hartu dute parte ekimenean. Besteak beste, tabakoaren aurkako logo lehiaketa egin dute eta jasotako 42 lanen artean irabazlea aukeratu dute honezgero: Aldatze ikastetxeko DBHko 2. mailako hirukote batek jasoko du saria datorren asteko barixakuan (hilaren 31n), Tabako Bariko Nazioarteko Egunean. Udaletxeak hartuko duen ekitaldian, kanpainari jarraituta martxan dagoen botiken erakusleihoetan tabakoaren kontrako mezuak zabaltzeko lehiaketako irabazlea zein den ezagutzera eman eta saria emango diote.
Hurrengo astea, maiatzaren 26tik 31ra bitartekoa Kerik Gabeko Astea dela aprobetxatuta, herriko jubilatu-etxeetara bisitan joango direla aurreratu dute, ez erretzeak nolako abantailak dituen azaldu eta ekimenaren berri emateko. Bide batez, nahi duten erretzaileei euren karbono-monoxido maila neurtzeko analisia egingo diete. Horrekin batera, eguaztenean (hilaren 29an) 11.00etatik 13.00ra bitartean karpa ipiniko dute Untzagan, nahi duten guztiek karbono-monoxido maila neurtzeko aukera izan dezan eta tabakoarekiko zenbaterainoko lotura duen azaltzeko. Horrekin batera, anbulategi eta osasun zentruetan erretzeari laga nahi dutenentzat eskaintzen diren zerbitzuen berri emango dute.