Eibar Triatloi Taldeak emaitza onekin amaitu du duatloi denboraldia

Getxon eta Usansolon lehiatu dira eibartarrak asteburuan, eta taldeko hainbat kirolarik emaitza aipagarriak lortu dituzte
Eibar Triatloi Taldeak emaitza onekin amaitu du duatloi denboraldia
2026/10/05 09:59
Ekhi Belar Errasti

Eibar Triatloi Taldeak 2026ko triatloi eta duatloi denboraldia amaitu du asteburuan. Larunbatean, Getxon distantzia olinpikoko Triatloiko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen, baina itsasoaren egoeragatik proba duatloi bihurtu behar izan zuten. Igandean, berriz, Usansoloko bikotekako duatloiak eman zion amaiera denboraldiari.

Getxoko proban, Jokin Amorrosta izan zen Eibar Triatloi Taldeko lehen sailkatua. 23 urtez azpikoen kategorian zazpigarren postua lortu zuen, eta sailkapen orokorrean 31. amaitu zuen. Ander Telleria 33. izan zen absolutu mailan eta 96. sailkapen orokorrean, eta Aitorrek 30. postua eskuratu zuen Beterano 1 kategorian, 96. sailkapen orokorrarekin.

Iñigo Gastonek ere parte hartu zuen Getxon, 23 urtez azpikoen artean 12. eta sailkapen orokorrean 100. amaituta. Oscar Friasek, berriz, 70. postua lortu zuen absolutu mailan eta 160. sailkapen orokorrean. Taldeak emaitza horien balorazio positiboa egin du, 230 bat gizonezkok hartu baitzuten irteera.

Igandean, Usansoloko bikotekako duatloiarekin itxi zen denboraldia. Eibar Triatloi Taldeko koloreekin Kristina Ruiz, Roberto Gartzia eta Jon Eskolar aritu ziren. Lehenengo biek bikotea osatu zuten eta zortzigarren postuan amaitu zuten, 1:21:06eko denborarekin. Jon Eskolarrek, berriz, Claudia Fernandezekin batera hartu zuen parte, eta 15. postua lortu zuten, 1:38:39ko denborarekin. Eskolarren debuta izan zen taldearen koloreekin.

Triatloi eta duatloi denboraldia amaitu bada ere, Eibar Triatloi Taldeko kideek beste modalitate batzuetako probetan parte hartzen jarraituko dute, sasoiari eusteko asmoz.