Eibar Triatloi Taldeko Kristina Ruiz podiumera igo zen Lekeitioko Triatloian

Lekeition aritu ziren hainbat triatloilari eibartar eta Nerea Ziaran Amaraune Mendi Lasterketan egon zen
Eibar Triatloi Taldeko Kristina Ruiz podiumera igo zen Lekeitioko Triatloian
2026/06/26 14:15
Ekhi Belar Errasti

Joan den larunbatean, ekainak 20, Euskal Herriko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatu zen: XXXIII. Lekeitioko Triatloia. Urtero bezala, parte-hartzaile ugari erakarri zituen probak, zirkuitu erakargarriari eta sortzen duen giro bikainari esker. Eguraldi beroa espero bazen ere, lasterketa 23 graduko giro-tenperaturarekin eta 21,9 graduko ur-tenperaturarekin abiatu zen. Guztira 370 triatletak hartu zuten parte.

Emakumezkoen proban, 16:30ean eman zitzaion hasiera lehiari. JAZ-Eibar Triatloi Taldeko Kristina Ruiz izan zen emaitzarik nabarmenena lortu zuena. Eibartarra hirugarren sailkatu zen V2F kategorian eta 33. postuan amaitu zuen sailkapen absolutuan, 1:21:17ko denborarekin. Taldekide Idoia Uruñuelak, berriz, 1:45:29ko marka egin zuen eta 61. postuan sailkatu zen.

Hamabost minutu geroago abiatu ziren gizonezkoak. Taldeko lehen ordezkaria Jokin Amorrosta izan zen, 1:08:43ko denborarekin 60. postuan helmugaratuta. Ondoren iritsi ziren Aitor Fernández (1:15:45 eta 134. postua), Roberto Gartzia (1:16:38 eta 147. postua), Javi Muñoz (1:23:50 eta 203. postua), Txus Sánchez (1:37:44 eta 235. postua) eta Alberto Agirre (1:38:42 eta 236. postua).

Bestalde, Berrizen jokatutako V. Amaraune Mendi Lasterketan ere izan zuen ordezkaritza talde eibartarrak. Bertan, Nerea Ziaranek 12 kilometroko proban hartu zuen parte eta 1:34:32ko denborarekin helmugaratu zen, sailkapen nagusian 37. postua eskuratuz.

Nerea Ziaran