Eibar100 Trail Erronka, Eibarko mendiak ezagutzeko aukera
Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrenaren baitan lehen edizio arrakastatsua egin ondoren, Eibar100 Trail Erronkaren bigarren edizioa egingo da maiatzaren 15ean eta 16an. Erronka ez-lehiakorra izango da eta trail running-aren esentzian murgiltzeko aukera emango die aditu zein hasiberriei.
Antolatzaileen berbetan, Eibar100 Trail Erronka ez da ohiko lasterketa bat, gainditze kolektiboko esperientzia baizik. "Mendia ez da agertoki hutsa, partekatutako erronka bat baizik", da euren premisa. Horrela, proba hau berezi egiten duena bere izaera inklusiboa eta ez-lehiakorra da.
Erronkaren helburu kolektiboa inguruko mendirik adierazgarrienetan barrena (Kalamua, Urko, Egoarbitza eta Galdaramuño) 100 kilometro osatzea da, gutxienez 21 ordutan. Horretarako, ibilbidea sei etapatan banatu dute, 15 eta 18 kilometro artekoa. Nahi izanez gero, ibilbidea osorik edo etapaka egin ahal izango da. “Ekitaldi hau perfektua da traila lehen aldiz probatu nahi dutenentzat: parte-hartzaileek nahi dituzten etapetara soilik batzea edo 100 kilometroko erronka osoa betetzeko izena ematea aukeratu dezakete”, antolatzaileen berbetan.
Korrika elkarrekin
Zentzu horretan, elkarrekin korrika egiteko eta elkarri animatzeko aldarria egiten dute. “Eibar100 Trail Erronkan inor ez da atzea geratzen”, diote. Parte-hartzaileek elkarrekin egingo dute bidea, uneoro antolakuntzak gidatuta, 5 eta 5,5 km/h arteko batez besteko erritmoari eutsiz.
Antolakuntzakoek diotenez: "Inguruaz gozatzea da kontua; lautadetan eta jaitsieretan lasai korrika egingo dugu, esfortzua partekatuz”.
Sei etapa
Erronka maiatzaren 15ean, 22:30ean, hasiko da eta maiatzaren 16an, 19:00etan, amaituko da. Etapa guztiak Klub Deportiboaren egoitzatik irten eta bertan amaituko dira, ordutegi zehaztuan.
Hauek dira sei etapak:
- Depor – Galdaramiño – Topinburu – Depor: 22:30-01:25 – 15,39 km
- Depor – Egoarbitza: 01:40-05:05 – 18,31 km
- Depor – Aizketa – Kalamua – Depor: 05:20-08:35 – 16,16 km
- Depor – Urko – Depor: 08:50-12:05 – 15,37 km
- Depor – Ilordo – Azkonabieta – Depor: 12:20-15:35 – 17,71 km
- Depor – Akondia – Garagoitxi – Depor: 15:50-19:00 – 17,89 km
Azken etaparen ostean, elkarretaratze-festa egingo dute, esperientziak partekatu, hurrengo ediziorako hobekuntzak entzun eta taldeko argazkia ateratzeko. “Hurbiltzen diren guztien artean hainbat opariren zozketa ere egingo dugu eta partehartzaile guztiok bertara gerturatu ahal izatea espero dugu”, diote Deporrekoek.
Izen-ematea
Jarduera doakoa izango da, baina aurretik izena eman behar da, maiatzaren 6a baino lehen. Horretarako, Klubaren kanal ofizialetara joan beharko da: www.deporeibar.com, eibar100@deporeibar.com, mendia@deporeibar.com edo 943 20 19 04.
Gehienez 150 parte-hartzaile onartuko dituzte eta lehentasuna erronka osoari aurre egiten diotenek izango dute. Hala ere, bakoitzak nahi duen etapa edo etapetan eman ahal izango du izena.
Kamisetak salgai
Ekintza kolektiboa izanik, erronkari kolorea emateko kamisetak diseinatu ditu Klub Deportiboak. Laster egongo dira salgai.