‘Eibarkirolak’, Eibarko kirol-zerbitzuak kudeatzeko app berria martxan

‘Eibarkirolak’, Eibarko kirol-zerbitzuak kudeatzeko app berria martxan
2025/11/24 10:11
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Eibarkirolak aplikazio mugikor berria jarri du abian, herritarrek udal kirol-zerbitzuekin duten harremana errazteko eta eguneratzeko helburuarekin. Tresna digital horrek gune bakar batean biltzen du kirol instalazioei buruzko informazioa —egutegiak, ordutegiak eta erabilgarritasuna—, eta tramite ohikoen kudeaketa arintzen du: pisten erreserbak, abonuen aldaketak, eta ikastaroetan izen-ematea, besteak beste.

Aplikazioak, halaber, albiste zein abisu garrantzitsuen jakinarazpen bizkorrak bidaliko dizkie erabiltzaileei, instalazioetako ordutegi-aldaketak edo gorabeherak berehala ezagutzeko.

Andoni Ameztoy Kirol-zinegotziak tresnaren erabilgarritasuna azpimarratu du: «Aplikazioak lehen presentzialki edo telefono bidez egin behar ziren kudeaketak sinplifikatzen ditu. Horrez gain, abisuen bidez erabiltzaileek instalazioetan izan daitezkeen aldaketen berri unean bertan izango dute».