Eibarko 300 ikasle inguruk hartu dute parte 'Basarrixa Urretik' programan, landa-ingurunearen balioak hirira gerturatzeko

Eibarko 300 ikasle inguruk hartu dute parte 'Basarrixa Urretik' programan, landa-ingurunearen balioak hirira gerturatzeko
2021/06/22 15:15
eta kitto!
Eibarko sei ikastetxetako 287 ikaslek hartu dute parte azken ikasturtean ‘Basarrixa Urretik’ programaren hirugarren edizioan. Programaren helburua da ikasleei Eibarko landa-ingurunera hurbiltzeko aukera ematea eta baserri-munduaren balio sozial, ekonomiko eta kultural garrantzitsua ezagutzea.



Programa honetarako propio diseinatutako ibilbide eta tailer monitorizatuen bidez, ikasleek Eibarko baserriak bisitatu eta baserritarrak ezagutu dituzte. Zehazki, Sosola, Sumendiaga eta Mendigoiti baserriek hartu dute parte ekimen horretan, eta gai asko landu dira ibilbideetan: sasoiko elikagai fresko eta osasungarriak, tokiko produktuak, landa-ondarea, kultura eta tradizio gastronomikoak eta paisaia.

Programaren bidez, ikasleek ezagutu ahal izan dute gure lehen sektorearen jarduera ekonomikoa (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza), emakumeak historian zehar baserriaren motor gisa izan duen garrantzia; ikasleek ezagutu dituzte gaur egun Eibarren kalitatezko elikagaiak ekoitzi eta euren produktuak herrian bertan saltzen dituzten pertsonak.

‘Basarrixa Urretik’ programa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak hirugarren urtez jarraian abian jarri duen ekimena da, Debemen landa-garapenerako eskualdeko elkartearekin lankidetzan, eta Landatur enpresak  gauzatu du, beharrezkoak diren babes- eta prebentzio-neurri guztiak betez.

Guztira, 15 bisita izan dira, apiriletik maiatzera bitartean, eta Eibarko sei ikastetxetako 287 ikaslek hartu dute parte. Ikastetxeak hauek izan dira: Arrateko Andra Mari, Amaña, La Salle-Isasi, Juan Antonio Mogel Ikastola, Aldatze eta Urkizu.