Eibarko 61. Euskal Jaiak asteburuan izango du gailurra
Eibarko 61. Euskal Jaiak asteburu honetan izango du une gorena. Aurten, berritasun gisa, 10 eguneko egitaraua antolatu du Klub Deportiboko jai batzordeak, hainbat eragileren laguntzarekin.
Maiatzaren 21ean hasi zen ospakizunak herriko kale, plaza eta kultur guneak hartu dituzte, eta asteburu honetan ere hala izango da:
Gaur, maiatzaren 29an, 19:00etatik 21:30era, kale animazioa izango da herriko kaleetan: bertso-triki poteoa, Mauxitxa Txaranga, txistulariak eta Eibarko gaiteroak izango dira. Gauean, 22:00etan, Untzagan kontzertua eskainiko dute Sorotan Bele Gogoan eta Eibarko Banda Munizipalak.
Bihar, maiatzaren 30ean izango da jaiaren egun nagusia. Goizean, 09:30etik 14:30era, Toribio Etxebarria kalean artisau eta baserritarren azoka izango da. Aldi berean, 11:00etatik 13:00etara Astelena pilotalekuan pala txapelketako finalak jokatuko dira, eta 11:00etatik 12:30era Untzaga plazan herri kirolak izango dira.
12:00etatik 15:00etara kale animazioa egingo da herriko kaleetan zehar, eta 12:15ean Errebaletik abiatuko da Euskal Jaiaren kalejira. Ondoren, 12:35ean, Untzaga plazan dantza jaialdia egingo da Joseba Tapia eta hainbat musikari eta dantza talderekin.
Arratsaldean, 18:00etan Errebaletik Deportiborako kalejira egingo da, 18:15ean Depor parean dantzaldia izango da EINGO taldearekin, eta 20:00etan larrain-dantza herrikoia egingo da Depor parean eta Kultu aurrean. 20:30ean binilo pintxada eskainiko du ISKRA Selectors taldeak, eta 23:00etan Untzagan Itziarren Semeak eta Mugi Panderoa taldeek itxiko dute eguna.