Eibarko 72 haurrek egin zuten domekan Andoain eta Villabona arteko ibilbidea
Joan den domekan, azaroak 16, Andoain – Oindolar (435 m) – Villabona ibilbidea burutu zuten haurren mendi-irteeran. Ikasturteko hirugarren saioa izan zen eta bi autobus bete zituzten, Eibartik 72 haur irten zirelarik, hainbat gurasoren laguntzaz.
Ibilbideak 9 km zituen eta Andoaingo Tertota jatetxetik hasi ziren, eguraldi atseginarekin, Leitzaran bailarako ur-kanaletik Oindolar (435 m) mendia gainditzeko. “Kasualitatez, inguruan basurde uxaldia zegoen, baina ez zen oztopo izan aurreikusitako planarekin jarraitzeko”, diote Deporretik.
Tontorrean haize zakarra zegoela kontatzen dute eta, talde argazkia atera bezain laster, beheranzko bidea hartu zuten, txangoa Villabonako futbol zelaian amaitzeko.
Hurrengo irteera, ikasturteko laugarrena, abenduaren 14an izango da: Kanpazar - Artadi (509 m) - Besaide (555 m) – Udala.
Ikusi umeen irteeren egutegia hemen eta, azken txangoaren argazki gehiago hemen aurkitu ditzakezue.