Eibarko 78 haur joan ziren oinez Oriotik Igeldora domeka goizean

Haurren Mendi Irteeren 5. txangoaren ibilbidea lokaztuta zegoen aurreko egunetako euriaren ondorioz
Eibarko 78 haur joan ziren oinez Oriotik Igeldora domeka goizean
2026/01/20 16:23
Ekhi Belar Errasti

Aurreko egunetan euria egin eta domekarako eguraldiaren iragarpenak itxaropen gutxi ematen zuen arren, Eibarko 78 haurrek hartu zuten parte Haurren Mendi Irteeren 5. txangoan.

Oriotik Igeldora joatea zen mendizaleen asmoa, 10,5 km guztira, eta Kukuarri tontorra zapaltzeko bidean. Azkenean ez zuen euririk egin, baina bidea lokaztuta egon zen, “batzuen zailtasunerako eta beste batzuen gozamenerako”, antolatzaileen berbetan.

Ez zen bidean aurkitu zuten oztopo bakarra izan, ikasturte honetan bigarren aldiz basurde uxaldia tokatu zitzaielako parean. “Baina ez zen oztopo izan ibilaldia normaltasunez burutzeko”, kontatu digutenez.

Hurrengo irteera, ikasturteko seigarrena, otsailaren 22an izango da: Aizkorpeko ubidea eta mandobidea (Zegama).