Eibarko alkateak LAB sindikatuaren jarrera kritikatu du SEPE bulegoaren aferan
Radio Eibar hedabidean egindako adierazpenetan, alkateak “errespetua” eskatu du langabezia-bulegoan lan egiten duen pertsonarentzat, eta “egiazkoa den informazioa zabaltzeko betebeharra” konplitzeko galdegin du. Iraolak gogorarazi du LABek irailaren 10ean Eibarko SEPEren “behin betiko itxiera” iragarri zuela, “nahiz eta sei egun lehenago bulego horri esleitutako pertsona lanean hasita zegoen, bere eskubidepeko baimen baten ostean”.
Modu berean, alkateak informazio okerra ez zuzentzea egotzi dio sindikatuari. Hala ere, nabarmendu du LABek “jadanik ez duela behin betiko itxieraz hitz egiten, lehen esaten zuen bezala, bulegoa zabalik dagoelako eta zerbitzua ematen jarraitzen duelako”.
Iraolak azpimarratu du “irailaren 4tik lanean dagoen pertsona bat badagoela, herritarrak artatzen eta bere lana egiten saiatzen ari dela, eta eguneratzeko ahaleginetan ari dela, eta, beraz, errespetu osoa merezi duela”. Gauzak horrela, alkateak polemika amaitzeko deia egin du, eta langileari bere lana egiten uzteko eskatu du.