Eibarko artisten partaidetza izango duen kontzertua emango du zapatuan Andres de Egiguren orkestrak, Coliseon
Egitaraua honako hauek osatuko dute: Modest Mussorgskyren Cuadros de una exposición, Pattersonen Arreglo para cuerdas, Isaac Albenizen Asturias- Leyenda (Pedro Palacinen soketarako konponketa), eta Peter I. Tschaikovskyren 4º mov de Serenata para cuerdas op 48.
Palacinek azaldu digunez, “Mussorgskyren lagun handia zen Victor Hartmann arkitekto eta margolariaren bat-bateko heriotzak eragindako zirrara handiaren ondoren konposatu zen ‘Erakusketa bateko koadroak’. Ez dago jasota Mussorgskyk konposizioaren oinarri izan zituen koadro guztiak ikusi zituenik, edo zirriborro batzuk bakarrik ikusi ahal izan zituen. Oraingo honetarako, Esteban Oroz bertako margolariak konposizioari buruzko koadroak margotu ditu, horien izenburua ulertzen laguntzeko, eta, era berean, ikusleei erakusketa batean daudela sentiarazteko. Maite Lorenzo eta Juanma Cano aktoreek gidari-lanak egingo dituzte eta Iñigo Santacana arduratuko da eszenaratzeaz”.
Asturias-Leyenda lana, bestalde, Ignacio Zuloagaren lagun handia izan zen Isaac Albenizek konposatu zuen. Bere kalitateagatik oso ezaguna den pieza honetan, Eva Rivera arituko da dantzan.
Eta, datorren asteburuko emankizunerako prestatu duten egitaraua biribiltzeko, Peter I. Tschaikovskyren 4º mov de Serenata para cuerdas op 48 lana interpretatuko dute: “Bi konpositoreen jaioterrira, pinturarekin oso harreman estua duen San Petersburgora joan-etorriko bidaia bat da, eta inermedioa Zuloagaren lagun handia izan zen Albenizena da”.
Orkestra zuzendariaren berbetan, “kontzertu hori Ignacio Zuloaga omentzeko esku artean erabili genuen aukeretako bat zen, 2020an, haren heriotzaren 150. urteurrenean, baina COVID-19aren pandemiak dena bertan behera laga behar izatea eragin zuen. Ekitaldi hau, harizko orkestra-plantilla zabalagoarekin eta aipatutako artista eibartarren lankidetzarekin aberastuta planteatzen da. Normalean, musika eszenaren eta antzezpenaren zerbitzura egoten da, baina, kasu honetan, eszena da musikaren eta bere egileen zerbitzura dagoena, kontzertu honi balio erantsia emanez”.