Eibarko azken 50 urteetako historiaren errepasoa egiten duen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute gaur Untzagan

Artxiboen Nazioarteko Astearen harira antolatu dute ekimena. Hurrengo saioa 13:00ean izango da, eta arratsaldekoak 17:30ean eta 19:00etan hasiko dira.
Eibarko azken 50 urteetako historiaren errepasoa egiten duen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute gaur Untzagan
2026/06/11 12:43
Silbia Hernandez Arrazola


Eibarko Udal Artxiboak herriko azken hamarkadetako memoria ikus-entzunezko bidez plazaratuko du gaur (ekainak 11), Artxiboen Nazioarteko Astearen harira antolatutako ekitaldi berezi batean. Horretarako, Untzaga plazan pantaila erraldoia jarri dute, Udal Artxiboko eta desagertutako KTB telebistaren funtsetan gordetako irudi historikoak proiektatzeko. Oraintxe ari dira lehen emanaldia eskaintzen, baina egunean zehar beste hiru saio egingo dira: 13:00ean izango da hurrengoa, eta arratsaldekoak 17:30ean eta 19:00etan izango dira. Euri pixkat egin duen arren, Untzagan egin da lehen proiekzioa eta, beraz, beste hirurak ere han izango dira, eguraldia erabat okertzen ez bada.

Irudi bidez, Eibarko azken 50 urteetako historiaren errepasoa egiten du ikus-entzunezkoak. Lehenen zatian hirigintzaren eta ekonomiaren bilakaera izango du hizpide, eta gaur egun desagertuta dauden edo erabat aldatu diren espazio, eraikin eta enpresen irudiak erakutsiko dituzte: Armen Probalekua, Txaltxa Zelaiko frontoi zaharra, Urki eta Alfako eskolak, Valenciaga eta Star bezalako tailerrak, besteak beste. Aixolako urtegiaren inaugurazioa eta Eibarko saihesbidearen eraikuntza-lanak ere ikusi ahalko dira.

Bigarren atalak herriko bizitza sozialari erreparatuko dio. Jaiak, herri mugimenduak, mobilizazioak eta memoria kolektiboan betiko geratu diren hainbat gertakari izango dira protagonista. Horien artean daude 1995eko Korrika, intsumisoen aldeko mobilizazioak, ...eta kitto! aldizkariaren aurkezpena, emakume raketistei omenaldia, edo Azitainen izandako tren istripu larria.

Azkenik, kirolari eskainitako atalak Eibarren tradizio handia duten modalitateetako irudiak bilduko ditu. KTBren artxiboari esker, futbola, eskubaloia, errugbia, pilota, atletismoa, igeriketa, boxeoa edo herri kirolak izango dira ikusgai, besteak beste.

Gainera, berritasun bat izango du ekimenak. Emanaldien arteko tarteetan, Udal Artxiboan gordetako argazki zaharretatik abiatuta, adimen artifizialaren bidez sortutako animazioak proiektatuko dituzte, iraganeko irudiei mugimendua emanez.