Eibarko Baso Biziak: “Eibartarrek inguruko basoek duten garrantziaz jabetzen dihardute”

Eibarko Baso Biziak: “Eibartarrek inguruko basoek duten garrantziaz jabetzen dihardute”
2020/09/04 09:47
eta kitto!
Gure mendien itxura zeharo aldatu da azken urteotan. Intsignis pinuen banda marroiaren gaixotasunak alerta zabaldu du herrian eta hainbat eibartarrek egoerari aurre egiteko prest agertu dira Eibarko Baso Biziak taldea sortuz. Facebooken gai honen inguruan berba egiteko taldea sortu dute eta sinadura bilketa hasi dute baso jasangarrien alde. Taldeko Mikel Jauregi Oregirekin egin dugu berba.

 

Zenbat lagunek egin dute bat Eibarko Baso Biziak ekimenarekin?

Taldean sei kide gara, momentuz. Ekimena abian jartzeko ez genuen hasieran jende gehiagoren beharrik ikusten, nahiz eta jende asko laguntzeko prest agertu den, eskertzekoa dena. Bestalde, taldea ezagutarazteko, besteak beste, EIBARKO BASO BIZIAK orria sortu genuen Facebooken. Hilabete batean 500 lagun baino gehiagok egin dute bat taldearekin.

 

Nolako egoera bizi dugu Eibar inguruko mendietan?

Gure herriko Pinus radiata edo Intsignis pinuaren landaketei eragin zien banda marroiaren gaixotasunak sorrarazi zuen zurgintza sektorearen krisiaren ondoren, asko izan ginen euskal baso politikari, eta bide batez, Eibarko basoen kudeaketari zegokionez inflexio puntu baten aurkitzen ginela uste izan genuenok. Gure herriaren inguruan egin berri diren eukalipto landaketa handiek oker gabiltzala erakusten digute. Euskal instituzioek hamarkadetan zehar bultzatu dituzten politikek, egun gure mendiek erakusten duten egoera tamalgarrira eraman gaituzte. Ustiapen estentsibo industrialean oinarritutako politikak dira, produktibitatea eta lurjabe handi gutxi batzuen epe motzeko onura ekonomikoa lehentasun dituztenak. Ingurugiroari eta ongizate sozial edo kulturalari dagozkion alderdiak alde batera lagata, guztiontzat onuragarri liratekeen eta inolako arazorik gabe lurjabe txikien interesekin uztartzeko moduko politikak bultzatu beharko lirateke.

 

Egoera horrek nolako ondorioak izan ditzake epe ertain eta luzera?

Eukaliptoak bezalako zuhaitzek bertako landaredia eta animaliak desagerraraziko dituzte, ur iturriak agortuko, lurra azidotuko eta suteen zabalkuntza asko erraztuko duelako. Gainera, duen birkimatzeko ahalmenak asko zailduko du behin sartutakoan kentzea.

 

Zein irtenbide ikusten diozue?

Hiru puntu jorratzen ditugu arlo horretan. Batetik, lehen sektoreko lurjabe txikiekin lan egitea, jasangarriak diren aukera ekonomikoak sustatzeko. Bigarrenik, bertako basoa zabaltzen joatea eta eusten saiatzea. Eta hirugarrenik, basoen kontserbaziorako herritarrak kontzientziatzea eta parte hartzea sustatzea.

 

Sinadurak jasotzeko kanpaina abiatu duzue. Zein asmorekin?

Sinadura bilketaren azken helburua Udalean mozioa aurkeztea izango litzateke. Denbora gutxian 400 sinaduratik gora batu ditugu. Berehala, zuzeneko sinadura bilketa jarriko dugu abian. Harritzekoa da zelako babesa jasotzen ari garen. Eibartarrak gure ingurugiroak, eta batez ere, gure inguruko basoek duten garrantziaz jabetzen dihardute.

 

Ekimen edo kanpaina gehiago egiteko asmoa duzue?

Bai, hau hasiera besterik ez da. Mozioaren ekimenaren ondoren beste batzuk etorriko dira guztion artean konponbideak bilatzeko: mahai-inguruak, kanpainak eskoletan, jardunaldiak, eta abar.