Eibarko Baso Biziak elkarteak zuhaitz landaketa egingo du abenduaren 3an

Eibarko Baso Biziak elkarteak zuhaitz landaketa egingo du abenduaren 3an
2022/11/23 12:23
eta kitto!
Urriaren 23an Soraluzeko Baso Biziak elkartearekin zuhaitz landaketa egin ondoren (ehun lagunen artean espezie ezberdinetako 625 zuhaitz landatu zituzten), Eibarkoen txanda iritsiko da abenduaren 3an, domekan.

Ekintza horretan parte hartzeko aukera bi egongo dira. Batetik, oinez joango direnak, 09:00etan irtengo dira Urkizutik. Eta bestetik, autoan joan nahi dutenek, 10:00etan San Salbadorren egon beharko dira. Handik, landaketa egingo den gunera joango dira elkarrekin eta, lana amaitu ondoren, ermitara itzuliko dira 12:30ak inguruan hamaiketakoa egiteko.

Ekimenean parte hartzeko izena eman beharko da azaroaren 30a baino lehen, eta zenbat heldu eta adin txikiko izango diren eta oinez edo autoz igoko diren zehaztu beharko da.

 

Bost hektarea

Eibarko lurretan dauden bost hektareatan egingo dute landaketa (baserritar batek 14 hektarea laga ditu) eta ahalik eta zuhaitz aniztasun handiena landatzen saiatuko dira. “Zeregin honetan Lurgaia fundazioaren laguntza izango dugu eta, tresneriari dagokionez, Bellota enpresak emandako laguntza aipatu nahi dugu”, diote Eibarko Baso Biziakekoek. Horrez gain, Udalak emandako dirulaguntza eskertzen dute.

Hau izango da Eibarko Baso Biziakek 2022an egingo duen azken zuhaitz landaketa eta mila zuhaitz baino gehiago landatuta amaitu nahi dute urtea.

zuhaitz landaketa