Eibarko bonbardaketa gogoratzeko agerraldia egin dute instituzioek
2017/04/21
11:59
eta kitto!
Datorren astelehenean Eibar bonbardatu zutela 80 urte beteko direla, gaur goizean prentsaurrekoa eman dute Miguel de los Toyos alkateak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Denis Itxaso diputatuak. Alkateak azaldu duenez, “Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira hainbat jarduera antolatu ditugu herrian, baina horrez gain ekitaldi instituzionalen bat egin nahi genuen hirurok elkarrekin, hortik gaurko agerraldia”. Alkateak orain 80 urte Eibarren bizi izandakoa gogora ekarri nahi izan du, Santiago Arizmendiarretaren “Mis memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero” liburuak horri buruz jasotzen duen pasartearekin. Gogora Institutuko zuzendariak, berriz, instituzioen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Egunotan bonbardaketak gogora ekartzen dihardugu herri ezberdinetan, populazio zibilaren kontrako eraso bortitz haietatik 80 urte igaro direla eta, horren aitzakiarekin. Horrelako gogoetak egitea garrantzitsua dela uste dugu, batetik atzera begiratuta biktimei zor zaien duintasuna berreskuratzeko eta aurrera begira, berriz, horren inguruan balorazio kritikoa egin eta belaunaldi berriei transmititzeko, horrelakoak ez errepikatzeko”. Diputatuak, bestalde, Gipuzkoa mailan Eibarrek duen sinbologiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Errepublikaren aldeko bere jarrera garesti ordaindu zuen herriak”. Horrekin batera, gerra eta bestelakoen biktimekiko Eibarrek duen izaera solidarioa goraipatu du eta, aurreratu duenez, maiatzetik aurrera gai horri lotutako hainbat ekimen izango dira gurean, Diputazioaren eskutik: “Gervasio Sanchezen Sarajevoko argazki erakusketa hartuko du udaletxeko patioak maiatzaren 20tik ekainaren 20ra bitartean, ekainean Mikel Aiestaran kazetariak hitzaldia ematera etorriko da eta bi mahainguru egiteko asmoa ere badago”.