Eibarko dendetan erosketak on-line egiteko plataforma digitala jarriko du martxan Udalak

Eibarko dendetan erosketak on-line egiteko plataforma digitala jarriko du martxan Udalak
2021/01/05 09:52
eta kitto!


Eibarko Udalak, Eibar Merkataritza Gune Irekia (EMGI) elkartearekin batera, herriko merkataritza digitalizatzen laguntzeko ekimen bat jarriko du abian: Eibarko establezimenduetan erosketak  on-line egiteko plataforma bat. Proiektu honekin batera, etxez etxeko salmenta zerbitzua ere jarriko da nartxan.

Proiektu digitalaz B-Lokal enpresa arduratuko da, eta plataforma urtarrilean martxan jartzea du helburu. Udalak 45. 000 euro bideratu ditu proiektura pandemiari aurre egiteko Talka Planaren barruan; horri esker, herriko merkataritza ikusgai jarri eta kontsumo-joera berrietara egokituko da.

Ekimenaren xede nagusia merkataritza-jarduera kontsumo-joera berrietara egokitzeko, digitalizaziorako tresnak eta laguntza ematea da—bereziki pandemia-egoera honetan—, bai eta eskaintzen dituzten produktuei eta zerbitzuei ikusgaitasuna ematea ere.

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak dio ohiturak aldatu egiten direla, teknologiak aurrera egiten duela, eta horrek guztiak eragina duela jendeak bere denbora erabiltzeko eta erosteko moduan. Honela gehitu du zinegotziak:  "Horregatik, plataforma horrek berehalako konexioa eskainiko du edozein bezerorekin, dagoen tokian dagoela ere. Lehen esperientzia da eta sendotuz joatea espero dugu".

Plataformak  Eibarko merkatariak “Marketplace” baten barruan egon ahal izatea ahalbidetuko du. Digitalizazioaren aldeko apustua egin nahi duen dendak Marketplace-ren barruan saldu nahi dituen produktuak aukeratu, salmentako prezioak zehaztu eta sartu nahi dituen produktu eta zerbitzuen deskribapenak gehitu baino ez du egin beharko. Prozesuaren gainerako guztia enpresak egingo du.

Proiektuarekin bat egin eta digitalizazioaren aldeko erronkari heltzeko enpresarekin harremanetan jarri nahi duten establezimenduek —enpresa eurekin kontaktuan jarri baino lehen—, mezu bat idatz dezakete eibar@blokal.es  posta elektronikoaren bidez, eta behar duten informazio guztia jasoko dute.





Sin título-1