Eibarko Duatloia arriskuan dago: 20 boluntario gehiago behar dituzte biharko

Ez badituzte lortzen, lasterketa bertan behera laga beharko dutela dio Eibarko Triatloi Taldeak
Eibarko Duatloia arriskuan dago: 20 boluntario gehiago behar dituzte biharko
2026/02/17 11:01
Ekhi Belar Errasti

Martxoaren 21ean, XXXI. Eibarko Duatloia da egitekoa, baina proba “arrisku larrian” dago, Eibarko Triatloi Taldearen berbetan. Izan ere, boluntarioak behar dituzte lasterketak eskatzen dituen betebeharrak asetzeko eta, bestela, lehia bertan behera laga behar izango dute.

Gauzak horrela, sare sozialen bitartez helarazi duten mezuan jakinarazi dute biharko, otsailak 18, 23:59ean, ez badituzte 20 boluntario gehiago lortzen, ezingo dela martxoko proba egin.

Boluntario lanak egin nahi izanez gero, Eibarko Triatloi Taldearen Instagrameko kontuaren bitartez edo eibarkoduatloia@gmail.com helbidera idatzita jarri ahal zarete harremanetan antolatzaileekin.